Inicio Euskal Herria Donostiako Udaltzaingoak koronabirusari aurre egiteko erabili duen estrategia azaldu du Europan

Donostiako Udaltzaingoak koronabirusari aurre egiteko erabili duen estrategia azaldu du Europan

0
Donostiako Udaltzaingoak koronabirusari aurre egiteko erabili duen estrategia azaldu du Europan

Donostiako Udaltzaingoak azken asteotan egindako lana azaldu du Europako beste hamar herrialderen aurrean, hain zuzen ere, COVID-19ak sortutako Alarma Egoeraren ondorioz bizitako konfinamenduan egindako lana.

Mintegia Proactive proiektuaren barruan dago. Eta Udaltzaingoak proiektu honetan parte hartzen ari da Europako beste 10 herrialdetako polizia, segurtasun aholkularitza, unibertsitate eta garraio partzuergorekin batera. Horiek guztiek mintegi monografikoa antolatu dute COVID- 19 birusari buruz, eta helburua izan da lan-esperientziak eta estrategiak partekatzea.

Udaltzainek azaldu dituzte agenteak babesteteko hartutako neurriak, baita pertsonen eta ibilgailuen mugikortasuna kontrolatzeko operatiboen plangintza.

Udaltzaingoak ez ditu hirian edozein delitu egiteagatik atxilotutako pertsonak ibilgailu-patruilatan eraman, baizik eta ibilgailu berezia jarri du zerbitzu hori egiteko. Ibilgailu hori zein gainerako Udaltzaingoaren ibilgailu guztiak egunero desinfektatzen joan dira polizia-etxearen garajean instalatutako ozono makina bati esker.

Era berean, polizia-etxera sartzeko kamera termografiko bat jarri da, pertsona guztien tenperatura kontrolatzeko.

Segurtasun operatiboei buruz, Udaltzaingoak azpimarratu du etxegabeei ostatu emateko ireki diren zentroen babesa edota suhiltzaileei eta armadari gune publikoak edo zahar-egoitzen desinfektatze lanak egiteko laguntza egin dutela. Era berean, osasun arloko langileak lagundu dituzte hainbat etxetan birusa zuten pertsonak artatzeko lanak egiteko orduan.

Azkenik, Udaltzaingoak beste lan batzuk aipatu ditu, hain zuzen ere, hiritarrek oso ondo hartu dituzten lanak, besteak beste, haurrak zoriontzeko ekimena edo zahar-egoitzetako langileak eta erabiltzaileak zein osasun arloko langileak animatzeko ekimenak. Zirrara handiko ekimenak izan dira, eta horiei esker Udaltzaingoa gehiago gerturatu ahal izan zaie hiritarrei.

Hiri-Segurtasun eta Herri-Babeseko zinegotzi Martin Ibabek sare eta proiektu hauetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du: “Horiei esker esperientziak partekatu ditzakegu eta zerbitzua nola hobetu ikusi”. Era berean, udaltzain guztien lana eta profesionaltasuna eskertu ditu. Eta azkenik, honakoa gaineratu du: “Une honetan ez dago pertsona kutsaturik Udaltzaingoan, eta azken asteotan egon diren kasu eskasek ez dute eraginik izan zerbitzuan. Horrek erakusten due neurriok funtzionatu dutela”.