GOGORA institutuaren arabera, gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten nazien kontzentrazio-esparruetara

GOGORA institutuaren arabera, gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten nazien kontzentrazio-esparruetara

Maiatzaren 5ean Mauthausen kontzentrazio-esparruaren askapena oroitzen da, eta, data horrekin bat eginez, GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak txosten bat argitaratu du 1940-1945 bitartean nazionalsozialisten kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal herritarrei buruz. Txostenean dokumentatzen denez, 253 euskal herritar, gutxienez, deportatu zituzten, eta 253 pertsona horietatik 125ek bizirik irtetea lortu zuten, 113 hil ziren eta, orain arte, ez dakigu gainerako 15ekin zer gertatu zen.

Txosten hau egiteko egindako ikerketatik ondorioztatzen da, gainera, Mauthausen kontzentrazio-esparrura deportatu zituztela euskal herritar gehien: deportatu guztien ia erdia eta hildako guztien bi heren (% 65).

Bestalde, deportatutako 10 emakumeren erreferentziazko kontzentrazio-esparrua Ravensbrück izan zen —ia guztiak erresistentzia-egintzen ondorioz deportatu zituzten—. Emakume horietako 4 hil ziren, 2 desagertutzat jo zituzten eta beste 4 bizirik irten ziren.

Ikerketa horri esker, jakin dugu deportatutako euskal herritarren kopurua, 253, orain arte ezagutzen zena baino handiagoa dela. Txostenak, halaber, hil zirenen kopurua ezagutarazi du, 113, baina komeni da zehaztea bizirik atera zirenen arrasto dokumentalak argi eta garbi zehazten duela bizirik atera zirenetako asko askapenaren ondorengo aste eta hilabeteetan, edo urte batzuk geroago, hil zirela, esparruak utzitako ondorioen eraginez.

Txosten horren helburu nagusia da Hirugarren Reich-eko kontzentrazio-esparruetara (1940-1945) eraman zituzten euskal herritarren deportazioa argitzea eta biktimen erreparazio morala erraztea. Horretarako, txostenak pertsona horien deportazioaren inguruabarrak modu eskematikoan kokatzen ditu testuinguruan, eta, gainera, deportatutako euskal herritarren errolda eguneratua aurkezten du. Hartara, deportazioaren biktimak ahaztu ez daitezen eta euskal gizartearen memoria kolektiboaren parte izan daitezen lortu nahi da.

Txosten horretan sartzen dira Euskadin jaio edo bizi ziren, edo erbestean Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuten, eta Hirugarren Reich-ak okupatutako Europa osoko edozein kontzentrazio-esparrutara edo kartzelatara deportatu zituzten pertsona guztiak.

Txosten horretarako ikerketa eta landa-lana egin dute Etxahun Galparsoro UPV/EHUko historian lizentziatuak eta Josu Chueca UPV/EHUko Historia Garaikideko doktoreak eta Historia Garaikidearen Saileko irakasleak.