Donostiako Udalak herritarren laguntza eskatu du hondartzetan arduraz jokatzeko

Donostiako Udalak herritarren laguntza eskatu du hondartzetan arduraz jokatzeko

Deseskaladaren 2. fasean sartzearekin batera, hondartzak eguzkia hartzeko edo bainatzeko erabil daitezke, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantziak errespetatuz, gutxienez bi metrokoak.

Marisol Garmendia Gune Publikoko zinegotziak adierazi duenez, Kontxako hondartzaren kasuan mareek baldintzatzen dute espazioa. “Uneoro arduraz jokatzeko eskatzen diegu herritarrei, osasun krisiak indarrean jarraitzen duela jakinda”.

Zentzu horretan, “Itsasgora baino bi ordu lehenago eta bi ordu geroago Kontxako hondartzan ez egoteko” eskatu die Garmendiak erabiltzaileei, “Pertsonen arteko beharrezko distantziak ezin direlako bermatu”.

Denboraldi ofiziala ez dago martxan eta, beraz, ez da sorospen zerbitzurik, kabinarik, pixatokirik eta abar egongo. “Gure hondartzak, Kontxa bereziki, arazo ez bihurtzeko herritar guztien kontzientziazioa eta erantzukizuna azpimarratzen dugu”, adierazi du zinegotziak. Zurriola eta Ondarreta hondartzak ez dute sarbide mugatu hori izango.

Gainera, Kontxako sarbidea mugatuta egongo da. “Eguzki klubaren parean dauden arrapala eta eskaileretatik baino ezin izango da hondartzara sartu eta bertatik irten. Gainerako eskailerak itxita egongo dira “, esan du Garmendiak.

  • Lehenengo arrapala, Cervantes plazaren ondoan dagoena, sarrera eta irteerakoa izango da, hesien bidez behar bezala bereizita eta norabidearen berri ematen duten kartelekin.
  • Erlojuen gunean, udaletxetik hurbilen dagoen arrapala jaitsi egingo da, eta Perlatik hurbilen dagoena, berriz, irten.
  • Eskailera ireki bakarrak, Eguzkiren ondoan, baranda zentrala dute eta, beraz, bi norabideak izango dituzte.

Udalak jakinarazi du hondartzek, etengabe itxitako eskaileretan izan ezik, ez dutela itxitura fisikorik izango, eta, beste behin ere, hondartzek ondo funtzionatzeko erantzukizuna eskatu du. Udaltzaingoak esku hartu ahal izango du neurri horiek ageri-agerian betetzen ez badira eta guztien segurtasuna bermatzeko.