Donostiako Udalak online bidezko prestakuntza eta aholkularitza programa bat sortu du enpresentzat

Donostiako Udalak online bidezko prestakuntza eta aholkularitza programa bat sortu du enpresentzat

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, online bidezko prestakuntza programa jarri du abian hiriko enpresa eta pertsona ekintzaileentzat. Programa horrek eduki garrantzitsuak eta komunikatzaile prestigiodunak ditu, enpresa ehunak baldintzarik onenetan aurre egin diezaion Covid-19ren eraginez sorturiko egoerari, ehun hori egokitzeko, eraldatzeko eta lehiakorragoa izateko helburuarekin.

Eskemaren oinarria da webinarrak eskaintzea, hiriko sektore ekonomikoentzat funtsezkoak diren gaien inguruan. Kasurik gehienetan, webinar horiekin batera aholkularitza aditua egongo da, enpresa bakoitzari egokitua.

Ekonomia Sustapenerako zinegotziak, Enrique Ramosek, adierazi duenez, “programa honek hiriko ehun ekonomikoarekin hartu genuen konpromisoari erantzuna ematen dio, berrikuntza bilatuz eta haren aldeko apustua eginez, aurrera egin ahal izateko eta oso konplexua den ingurune batera egokitzeko. Era berean, lehendik ere Donostia Sustapenaren berrikuntza estrategiaren zati diren proiektu berritzaileei babesa ematen ere jarraitu nahi dugu, hainbat programaren bidez, esaterako, Innplanta, Talentu Berritzailea, EKin+, etab. Helburu hauek betetzeko, online bidezko prestakuntzaren egutegi bat diseinatu dugu, eta prestakuntza horrek edukiak eskainiko dizkie Donostiako sektore ekonomiko esanguratsu guztiei”.

  • Saio irekiek 45 eta 75 minutu bitartean iraungo dute.
  • Donostian egoitza soziala duten enpresa partaideek aholkularitza pertsonalizatu osagarria eskatu ahal izango dute saioen ondoren.
  • Aholkularitza hori bi ordu artekoa izango da.
  • Helburua da zerbitzu aurreratua eskaintzea irizpide horiek betetzen dituen enpresa edo enpresa proiektu bakoitzaren beharrei eta erronkei dagokienez.

Programazioa egutegi honen arabera egituratuta dago:

• Asteartea: Webinarrak Merkataritza eta Ostalaritza sektorearentzat
• Asteazkena: Webinarrak Smart-en esparruarekin loturiko kluster eta erakundeentzat
• Osteguna eta ostirala: Berrikuntza eta enpresa esparruko webinarrak

Zerbitzua online eskaintzen da, Donostia Sustapenaren web-aren bidez, eta enpresa edo pertsona interesdunek soilik egin behar dutena da parte hartu nahi duten ekitaldiak aukeratu eta inprimaki bat bete.