Lehendakariak eta Japoniako enbaxadoreak iaz aurrera eraman zen Euskadi-Japonia programa aztertuko dute

Bihar, asteazkenean, urtarrilaren 10ean, Madrilerako bidaia ofizial bat hasiko du Iñigo Urkullu Lehendakariak, hain justu ere, Takahiro Nakamae Japoniako enbaxadorearekin elkartzeko eta bilera instituzional batzuk izateko.

Ostegunean, 12:00etan, Japoniako enbaxadan, Takahiro Nakamaerekin bilduko da Lehendakaria, eta batzar horretan iaz Japonian garatutako Euskadi-Japonia egitasmoa aztertu eta emaitzak ebaluatuko dituzte, betiere alde biko harremanak estutzen eta Euskadi Basque Country sustatzen jarraitzeko. Egun berean, iragan den urtean Japonian antolatu ziren jardueretan parte hartu zuten kulturako eta industriako eragile eta ordezkari ugari biltzea aurreikusi du Japoniako enbaxadak; ekintza horien artean, Tokioko Basque Week nabarmentzen da, eta bertan Lehendakariak berak hartu zuen parte.

Bide batez, Mariano Jabonero Iberoamerikako Estatuen Erakundeko (IEE) Idazkari Nagusiarekin ere batzartuko da Iñigo Urkullu Lehendakaria, zehazki, biek ala biek 2021eko otsailean, Ajuria Enean sinatu zuten Lankidetza Hitzarmenaren berritzea aztertzeko. Hezkuntzan, Zientzian eta Kulturan, euskal komunitatearen eta komunitate iberoamerikarraren artean ekintza bateratuak aurrera eramatea da akordio horren helburua. Batzarra 10:00etan hasiko da, IEEren egoitzan.

Era berean, asteazken arratsaldean, Madrileko Euskal Etxea bisitatu eta bertako Zuzendaritza Batzordearekin batzartuko dira Lehendakaria eta Marian Elorzak gidatzen duen Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko taldea; horren ondoren, Euskal Zentro horretako bazkide aktiboekin elkartuko dira.