Lehendakariak esfortzuaren kultura balioan jarri du Biolan enpresaren eraikin berriaren inaugurazio ekitaldian

  • Iñigo Urkulluk industriaren aldeko apustua berretsi du, «ez dago aurrerapenik industriarik gabe, horregatik, gure apustua irmoa da eta gure ehun industrial eta ekonomikoari eusteko bidelagunik onenak izan behar dugu”
  • Zentzu horretan, Lehendakariak atzo onartutako, eta 600 milioi euro baino gehiagoko, 2024 urterako enpresa txiki eta ertainentzako laguntza Plana ekarri du gogora

Iñigo Urkullu Lehendakaria biosentsoreak fabrikatzen dituen Biolan enpresaren eraikin berriaren inaugurazio ekitaldian izan da gaur Zamudioko Parke Teknologikoan. Bertan izan dira, baita ere,  Arantxa Tapia, Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Gotzone Sagardui, Osasuneko sailburua.

Inaugurazio-ekitaldian, Lehendakariak esfortzuaren kultura, ekintzailetza eta inbertsioa jarri ditu balioan. «Biolan etengabeko hobekuntzaren eta hazkunde iraunkor eta jasangarriaren adibide ezin hobea da; beti da posible aurrera egitea testuinguruak-testuinguru; kasu honetan ez da erraza izan azken urteetan izandako krisi ezberdinen ondorioz; baina lortu duzue, hiru osagai uztartuz: zientzia, berrikuntza eta ahalegina” nabarmendu du Urkulluk.

Lehendakariak ekitaldia baliatu du industriaren aldeko Jaurlaritzaren apustu irmoa berresteko. «Erakunde publikoek argi daukagu zein izan behar duen gure zeregina: Biolan bezalako proiektuak babestea eta sustatzea eta gure ehun-ekonomiko eta industrialerako ahalik eta bidelagunik onena izaten saiatzea” azpimarratu du.

Zentzu horretan, Urkulluk gogora ekarri du atzo bertan onartutako 2024rako enpresa txiki eta ertainentzako laguntza-Plan berria, 600 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua duena. Lehendakariaren hitzetan, euskal enpresen ekarpena ezinbestekoa da gure ongizate mailari eusteko. «Ez dago aurrerapenik industriarik gabe», azpimarratu du Urkulluk. «Ez dago bizi-kalitaterik gure enpresen ekarpenik gabe. Industria, inbertsioa, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna ezinbesteko osagaiak dira herri gisa ditugun erronkei, krisiei eta egungo ziurgabetasun egoerari aurre egiteko” esanez amaitu du bere hitzaldia Lehendakariak.

Biolaneko eraikin berria

Biolan enpresa liderra da elikagaien eta osasunaren sektoreari aplikatutako biosentsoreen ekoizpenean. Gaur inauguratutako hirugarren eraikinarekin enpresak bere espazioa hirukoiztu du, sektorean izan duen hazkundearen eta sendotzearen isla.

Inaugurazio ekitaldian, eraikin berriaren lan-eremuak ezagutzeko ibilbidea egin da. Bisitan, Asier Albizuk, Biolaneko zuzendari nagusiak, instalazio berrietan aurrera eramango diren jarduerak azaldu ditu, baita ere, eraikin berriak ahalbidetuko dituen gaitasun eta funtzionalitate berriak ere, enpresaren garapen eta hedapena erraztuko dutenak, eta azkenik, enpresak etorkizun hurbilera begira dituen erronka berriak azaldu ditu.

Biolan oinarri teknologiko eta berritzailea duen enpresa-taldea da, eta diagnostiko eta analisiko irtenbideak garatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu, elikagaien kalitatearekin eta segurtasunarekin, eta osasunarekin, lotutako parametroak detektatzeko biosentsoreen bidez.

Enpresak  salmenten %87 esportatzen du eta egoitzak ditu 60 herrialdetan baino gehiagotan: Iberiar Penintsulan, Frantzian, Txilen, Ekuadorren, Mexikon, Tailandian, Indonesian, Filipinetan, Marokon eta Zamudion.