Irun, bi atxilotu in fraganti etxebizitza batean lapurreta egiteagatik


24_034 Irun, bi atxilotu in fraganti etxebizitza batean lapurreta egiteagatik

Irun, bi atxilotu in fraganti etxebizitza batean lapurreta egiteagatik

Servicio de prensa

2024-01-20

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Irunen, indarrezko lapurreta-delitu bat egotzita. Familia bakarreko etxebizitza batean aurkitu dituzte, une horretan bizilagunak etxean ez zeudela aprobetxatuta. Agenteek ustekabean harrapatu dituztenean, etxebizitzan gotortu dira, eta Berehalako Erantzuneko Patruila batek (BEP) jardun behar izan du bi pertsonak ateratzeko.

Gertakariak gaur goizaldeko hamabi eta erdiak aldera izan dira, Irunen. Orduan, Ertzaintzak abisua jaso du alarma-zentralaren eskutik, eta adierazi du udalerri horren erdigunean dagoen familia bakarreko etxebizitza baten barruan bi pertsona zeudela lapurreta egiten.

Herritarren Segurtasunerako hainbat patruila bertaratu dira, eta egiaztatu dute gutxienez bi pertsona zeudela eraikinaren barruan, eta barrura sartzeko behartu egin zutela. Susmagarriek etxebizitzatik irteteari uko egin ondoren, Berehalako Erantzuneko Patruilei (BEP) abisua eman behar izan diete, eta horiek etxera sartu eta bertan zeuden biak atxilotu dituzte.

Atxilotuak, 22 eta 23 urteko bi gizon, ertzain-etxera eraman dituzte beharrezko eginbideak egiteko, eta ikertzen ari dira indarrezko lapurreta-delitu bat egotzita. Biak Irungo Guardiako Epaitegiaren esku jarriko dira gaur.