Bilbon atxilotu dute hiru edukiontziri su emateagatik

Ertzainek 22 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon kalte-delitu bat leporatuta, kalean hiru edukiontziri su eman ondoren. Suak kalteak eragin ditu aparkatuta zegoen auto batean eta bi saltokitako beirateetan ere.

Atzo, igandea, gaueko bederatziak baino lehentxeago, Ertzaintzari jakitera eman zioten sutan zeudela Bizkaiko hiriburuko Colón de Larreategi kaleko edukiontzi batzuk. Adierazitako lekura hurbildu ziren herritarren babeseko patruilek egiaztatu zuten hondakinak biltzeko hiru edukiontzi sutan zeudela, eta suhiltzaileak mobilizatu zituzten, beraz, sua itzaltzera.

Agente jarduleek inguruan geldiarazi zuten pertsona bat, eta, egindako ikerketen ondoren, aitortu zuen sua berak piztu zuela, eta kalte-delituagatik atxilotu zuten. Gazteak, bere gauzen artean, ustez edukiontziei su emateko erabili zuen metxero bat zuen, eta kendu egin zioten. Gainera, sua bertan aparkatuta zegoen auto baten atzeko aldera iritsi zen eta bi saltokietako erakusleihoetako kristalak haustea eragin zuen.

Beharrezko polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotua aske geratu da, eta datozen egunotan agertu beharko du epailearen aurrera.

Gazteak aurrekariak ditu Getxon 2022an gertatutako antzeko egitate batzuengatik, eta, horien ondorioz, eginbideak ireki dizkiote ikertu gisa hiru edukiontziri su emateagatik.