Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza eman dio Eibarko Udalari ondare balio handiko damaskinatutako eskopeta bat erosteko

Eusko Jaurlaritzak Eibarko Udalari 30.000 euroko dirulaguntza eman dio ondare balio handiko damaskinatutako “Star 3 zk” delako eskopeta erosteko. Eusko Jaurlaritzaren ustez pieza honek aparteko ezaugarriak ditu eta Eibarko Armagintzaren Museoaren bilduma osatzeko aukera on moduan baloratzen du euskal herritarren eskura jarriko baita hiriko historia industrial eta artistikoaren zati bat.

Gaur aurkeztu dute komunikabideen aurrean Armagintzaren Museoan, eta bertan izan dira Eibarko alkate Jon Iraola eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria.

1989ko Star eskopeta, 3. zk. gama altuko eskopeta da, STAR, Bonifacio Echeveria SAk fabrikatua, armagile trebeenekin eta material onenak erabiliz: kalitate goreneko intxaurrondoaren zura eta Patricio Echeverria lantegitik zetorren altzairua. Enpresa horrek fabrikatu zuen eskopeta bakanetako bat da. Enpresa horren espezialitatea arma laburrak ziren, eta, gainera, pieza hau Eibarko Lucas Alberdi artistak (Eibar 1906-1993) damaskinatu zuen, pletina eta kanoietan.

Piezaren aparteko ezaugarriengatik, eta Eibarko Armagintza Industriaren Museoak STARek fabrikatutako 21 eskopetarik bat ere ez duenez, ezta Lucas Alberdik damaskinatutako objekturik ere, arma hau erosteko aukera paregabea da bilduma osatzeko eta euskal herritarren eskura jartzeko hiriko historia industrial eta artistikoaren zati bat.

Eibarko Armagintza Museoa

Eibarko Armagintzaren Museoa 2007ko urtarrilaren 18an inauguratu zen, arma bildumari eskainitako aretoekin. Ondoren, 2009an, egungo museoa osatzen duten gainerako espazioak ireki ziren, AYA eraikineko bosgarren solairuan. Baina Armagintza Industriaren Museoa 1914an sortu zen, Armagintza Eskolaren sorrerarekin batera. Garai hartan, Eibarko talde batek armagintza sustatzeko beharra sumatu zuen, prestakuntza-zentro espezializatu baten bidez, non armategi berriek teknologia berriei buruzko ezagutzak eta ofizioaren oinarri teorikoak eta praktikoak eskuratuko zituzten. Horrez gain, tresna pedagogikoa izango zen museoa ere sortu zen, Eibarko industriak izandako bilakaeraren erakusleihoa izateaz gain. Arma-bilduma hori 2000. urtean eman zitzaion Eibarko Udalari, eta gaur egun 1.000 ale baino gehiago ditu, gehienak bertan fabrikatutakoak.

Gaur egun, arma-bilduma zabala eta Eibarren fabrikatutako askotariko produktuak (bizikletak, motorrak, josteko makinak…) dira museoaren ardatz nagusia. Haren helburu nagusia armagintza tradizio handiko herri baten memoria historikoa eta ondare industriala zaintzea eta zabaltzea da, bisitariari Eibarko historia industrialaren bilakaera eskainiz, XIV. mendetik gaur egun arte.