Ikerketa baten ondorioz atxilotu dituzte Amurrioko etxebizitza batean lapurreta egin zuten bi gizonak

Joan den asteazkenean 22 eta 23 urteko bi gizon atxilotu zituzten Amurrioko etxe batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Ertzaintzaren etxebizitzetako lapurreten prebentziozko kontrol bati esker etxetik hartutako gauzak aurkitu eta egileak atxilotu zituzten.

Joan den asteazkenean, 18:00ak baino lehentxeago, Gasteizko Ertzain-etxera atxikitako herritarren babeserako agenteek etxebizitzetako lapurreten prebentziozko kontrol bat ezarri zuten Zuian. Agenteek auto bat geldiarazi zuten eta gidaria eta bidaiaria identifikatu zituzten, eta, autoa miatu zutenean, lapurretetan ibil zitezkeen hainbat tresna, markako poltsa bat eta bitxi batzuk aurkitu zituzten. Ertzainek gauza horiek konfiskatu zituzten, horien jatorria argitzeko, eta inplikatuek aurrera jarraitu zuten. Lekura Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko agenteak ere agertu ziren, zegokion ikerketaren kargu egiteko.

Gero, Amurrion bizi den emakume batek salatu zuen arratsalde horretan bertan lapurreta egin ziotela etxean, eta, besteak beste, bitxiak eta poltsa bat, kontrolean geldiarazitako autotik konfiskatutakoaren berdina, lapurtu zizkiotela. Gero salatzaileak berak ezagutu zuen bere poltsa.

Une horretan autoa eta bidaiariak bilatzeko dispositibo bat ezarri zuten, herritarren babeserako, trafikoko eta Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko agenteek parte hartuta.

Inplikatuak handik pixka batera aurkitu zituzten Bilbo inguruan, eta etxe batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten. Atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten, eta, ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarri zituzten.