Errioxa JDK duten Arabako ardoek 2023an 20 milioi litro baino gehiago esportatu dituzte

Arabako Lapuebla de Labarca herriak gaur Uztaberri Egunaren XVIII. edizioa ospatu du. Jai horretan, upategiek beren ateak zabaltzen dituzte uzta berriko lehenengo ardoei ongietorria egiteko eta Arabako Errioxako ardogintzaren tradizioa eta kultura partekatzeko bertakoekin eta bisitariekin.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburu den Arantxa Tapiak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde den Bittor Oriozek Lapuebla de Labarcara joan dira jardunaldirako antolatutako ekitaldietan parte hartzeko; upategiak bisitatu dituzte, eta eskualdeak eskaintzen dituen ardoen sorta ezagutu dute.

Ospakizun horrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak 2023. urtean zehar Arabako Errioxako ardoen esportazioei buruzko datuak eman ditu.

Errioxa JDK duten Arabako ardoen esportazioak

Errioxa JDK duten Arabako esportazioen bolumena % 5,4 jaitsi da, eta 2023ko azaroan metatutako balioak % 0,7 egin du behera, 20 milioi litro baino gehiago eta 146 milioi euro izan arte, igotzen jarraitzen duen batezbesteko prezioarekin; prezioa jada litroko 7,27 eurokoa da, aurreko urtekoa baino % 5 gehiago.

Hona hemen, zuzenean ala zeharka, Arabako Errioxako ardoak kanpoan saltzeari eragin dizkioten zenbait faktore: gatazka belikoen ondoriozko mundu-egoera konplikatua, ekoizpen kostuak igotzea edo ardoaren nazioarteko muga-zergak. Nahiz eta jaitsi den, azpimarratu behar da bolumenean esportazioek % 8 bakarrik egin dutela behera, 2022koarekin alderatuz.

Eusko Jaurlaritzak sustatzea eta finantza-laguntza ematea

Egoera ekonomiko global konplexuaz jakitun izanik, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko enpresei finantzen esparruan zenbait laguntza-ildo eskaintzen dizkie. Hala, 12 milioi euro inguru bideratuko dira mahastizaintza- eta ardogintza-instalazioetan eta -azpiegituretan inbertsioak finantzatzeko eta hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuen informazio- eta sustapen-ekintzak garatzeko.

Eusko Jaurlaritzak estatuko eta nazioarteko merkatuetan sustatzen laguntzeko egiten duen ahalegina argia da Euskadiko edari-sektorearen taldeko partaidetza antolatzen duenean erreferentziazko ferietan egoteko, hala nola Barcelona Wine Week ferian pasa den astean. Atzetik etorriko dira egutegian honako hauek: Prowein Düsseldorf Alemanian, Wine París Frantzian eta Prowine Singapour Asiako merkatuan.

Horrez gain, Basque Wine Office bulegoa jarri zen abian duela lau urte baino gehiago Arabako Errioxako upategien merkataritza-estrategiari buruzko aholkatu eta indartzeko, eta “Arabako Errioxa naiz” kanpaina kudeatu du. Horren bidez, Arabako Errioxan merkaturatzen duten 190 upategietatik 115ek beren etiketetan “Arabako Errioxa” aipamena sar dezaten eskatu dute, eta gehienak jada erabiltzen ari dira.

Kanpaina hori Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk sustatu dute, kontsumitzaileak etiketaren eta/edo atzeko etiketaren bidez Arabako Errioxako ardoak ezagutu eta identifikatzeko, bai dendan erosten dituenean, bai ostalaritzan kontsumitzen dituenean.