Galdakaon Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu adingabeei ustez sexu-erasoak egitea leporatuta

Ertzaintzako agenteek 37 eta 21 urteko bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon “Musikari” izeneko polizia-operazioaren ondoren, adingabeei sexu-erasoak egitea eta adingabeen intimitatearen aurkako delituak leporatuta. Atxilotuek, dirudienez, opariak eskaintzen zizkieten biktimei sexu-harremanak izatearen truke. Bi inplikatuak jada jarri dituzte agintari judizialaren eskuetan.

Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutzako Pertsonen aurkako Delituen Atalak hasitako polizia-ikerketaren ondorio dira atxiloketak, eta ikerketari hasiera eman zitzaion Ertzaintzak jakin zuenean adingabe batzuk gutxienez bi helduren aldetik sexu-erasoak jasaten ari zirela, batez ere Galdakaoko mugapean. Dirudienez, gertakari horiek iazko, 2023ko, otsailean hasi ziren.  

Egindako ikerketen ondorioz, jakin ahal izan zuten biktimek, guztiak adingabeak, sexu-harremanak izan zituztela bi gizon horiekin, eta horren truke opariak jaso zituztela.  Gainera, batzuetan biktimak ustez bi inplikatuen arteko eta bi inplikatuek beste adingabe batzuekin izandako sexu-topaketak ikustera behartu zituzten, eta batzuetan sexu-harreman horiek grabatu ere egiten zituzten.  

Horrela, joan den azaroan atxilotu zuten horietako bat, Galdakaon bizi zena, eta gaur, asteazkena, bigarrena atxilotu dute, hau ere Bizkaiko herri horretan, eta biei adingabeei sexu-erasoak egitea eta intimitatearen aurkako delitua leporatu dizkiete.

Lehenengo atxilotua Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiaren eskuetan jarri zuten, eta bertan biktimengandik urruntzeko agindu judiziala ezarri zen. Bigarren atxilotua gaur bertan eraman dute Bilboko Guardiako Epaitegira.

Polizia-ikerketa –Musikari operazioa– zabalik dago, eta atxilotuei konfiskatutako material informatikoa eta gailu elektronikoak aztertzen ari dira. Gainera, Ertzaintzaren susmoa da biktima gehiago egon daitezkeela; orain arte sei adingabe dira. Hori dela eta, salaketak jartzea aholkatzen da, biktima-kopurua zein den eta delituak zenbaterainokoak diren jakiteko.