Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plana: Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa batzen dituen bakarra

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lucía Torrealday Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusiborako zuzendariak Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plana aurkeztu dute gaur. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren, Batxilergoaren eta Lanbide Heziketaren esparruan aplikatuko da, ikasleei beren proiektu pertsonala eta profesionala zuzentzeko beharrezko eta funtsezko gaitasunak eskura ditzaten laguntzeko. Estatu mailan ezaugarri honetako lehen plana da.

Plan hau ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan irakasle orientatzaileek garatzen duten lana indartzeko, inpaktua handitzeko eta ikasle guztien garapen gorena ziurtatzeko asmatu da. Horretarako, ikasleen beharrak, ezaugarriak eta testuinguru pertsonala hartuko dira kontuan. Hezkuntza Legearekin eta Lanbide Heziketako Legearekin bat etorriz, planak bermatu nahi du hezkuntza-sistema aldaketa-eragile izango dela ibilbide akademikoak eta profesionalak berdintasun-baldintzetan aukeratzeko. Hezkuntza sailburuordeak azpimarratu du garrantzitsua dela hezkuntza-sistemak nahikoa tresna izatea ikasleei beren garapen sozial, akademiko eta pertsonalean laguntzeko. Bestalde, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak onartu duenez, LHko ikasleak eremu zehatzago batera bideratuta badaude ere, “orientazioak ikasketekin jarraitzeko edo lan-irteera bat argitzeko balioko du”.

Hala, hezkuntza-orientazioa ezin da tutoretza-ekintzatik bereizi; izan ere, ikasleentzako jarduera guztiak garatzen diren esparru bihurtzen da eskola-curriculuma, garapen integrala lortzeko.

Parte-hartze handia planaren prestaketan

Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plana parte-hartze prozesu zabal baten emaitza da. Hasteko, 6.730 pertsonak parte hartu duten diagnostikoa egin da, 150 ikastetxetako ikasleen, orientatzaileen eta zuzendarien artean. Lortutako diagnostikoa esparru horretan erreferente diren pertsonen kontrastearekin osatu da. Ondoren, ikuspegia eta irizpideak ezarri dira, ekintza eta gomendio zehatzetan amaitu diren lan-mahaien bidez.

Lanbide Heziketaren eremuaren garapenari dagokionez, sindikatuekin, patronalarekin eta Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuekin lankidetzan aritu dira. Gainera, Elkarrizketa Sozialeko Mahaian aztertu da.

Azkenik, planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat diseinatu da, plan berriak egitea erraztuko duena.

Bigarren hezkuntza eta batxilergoa

Bigarren Hezkuntzako etaparako (2023-2026) Euskadiko Hezkuntza Bideratzeko I. Planak printzipio hauek ditu oinarri: haurren eskubideak babestea, unibertsaltasuna, prebentzio integrala edo ikasle guztien ahalmenak ahalik eta gehien garatzea.

Funtsezko hiru zutabe ditu: orientazio akademikoa eta profesionala, bizikidetza positiboaren garapena eta aniztasunari eta hezkuntza-inklusioari eman beharreko erantzuna. Lau helburu estrategiko proposatzen ditu:

  1. EAEko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan irakasle orientatzaileek egiten duten lana indartzea, lerrokatzea eta koherentzia ematea.
  2. Orientazio-esku-hartzearen eragina handitzea, ikasleak ikastetxean kokatuz hezkuntza-profesionalekin lankidetzan.
  3. Ikasle guztien garapen ahalik eta handiena ziurtatzea, haien ezaugarriak eta testuinguru pertsonala kontuan hartuta.
  4. Hezkuntza-sistema bermatzea, genero-joerarik eta diskriminaziorik gabeko ibilbide akademiko eta profesionalak aukeratzeko aldaketaren eragile gisa, edozein motatakoak edo baldintzatakoak direla ere.

Halaber, ekintzen garapenak genero-ikuspegia txertatuko du hezkuntza-orientazioaren dimentsio guztietan, emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra, aniztasunaren ikuspegia, inklusioa, etika eta arreta pertsonalizatua sustatzeko.

Familien laguntza jasotzen duten profesionalen ahalduntzea

Helburuak lortzeko planak proposatzen duen lan-ildo nabarmenetako bat irakasle orientatzaileen ahalduntzea da. Horretarako hauxe proposatzen da, etengabeko prestakuntza espezializatua eta irakasleen eta orientatzaileen arteko ezagutza-trukea ezartzea, eta haien eskueran tresna eguneratuak eta laguntza-egiturak jartzea. Eta horrez gain, familiekin aliantzak sortzea, ikasleen ardura duten gurasoen eta pertsonen erantzunkidetasuna planaren garapen egokiari eusten dion beste zutabeetako bat da, eta, aldi berean, funtsezko elementua ikasleak orientazio-ekintzaren erdigunean jartzeko. Plan honen garapenak oinarriak ezarri eta geroko beste plan batzuk inspiratu ahal izango ditu, beste hezkuntza-etapa batzuetan orientazio eta jarraibide espezifikoak hedatzeko, eta bizitza osoan zehar ikasleen hezkuntza-orientazioaren jarraitasuna ziurtatzeko.

Euskadiko Lanbide Heziketako Orientazio Plana

LH-Euskadik lanbide batean jarduteko eta enplegua lortzeko prestakuntzara bideratutako prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduera guztiak biltzen ditu. Beraz, LHko ereduak, lanbide-heziketako eskaintzekin batera, berrikuntza, ekintzailetza, nazioartekotzea eta lanbide-orientazioa bera biltzen ditu.

Lanbide Heziketako orientazioa hiru eremutan biltzen da: orientazio psikopedagogikoa, ikasleen ongizate emozionala bermatzea helburu duena; LHko orientazioa, ikasketetan eta enplegu-irteeretan jarraitutasuna eskaintzeko; eta bitartekotza, ikaskuntza-bitartekarien bidez, bizitza osoko ikaskuntza indartzeko.  Beraz, orientazio profesionala prestakuntza- eta lanbide-ibilbidearen plangintza pertsonalean informatzeko eta laguntzeko prozesu bat da, Lanbide Heziketako Sistemaren esparruan, eta honako hauek barne hartzen ditu: lanbide-heziketako aukerak, lanbide bat aukeratzea, hobetzea, lanbidea aldatzea, lan-merkatuaren bilakaera eta ekintzailetza-aukerak, eta karrera profesionala kudeatzeko trebetasunak garatzea.

Lanbide-orientazioko prozesua honako ekintza hauekin osatzen da: esku-hartzeak ikaskuntza-arazoak dituzten ikasleen kasuan (bokazio-heldutasunik eza eta garatzeko jarrera negatiboak), ikasteko zailtasun espezifikoak detektatu eta aztertzea, ikastetxetik kanpoko gizarte- eta hezkuntza-arloko eta komunitate-arloko eragile eta laguntzekin koordinatzea, arreta indibiduala, pertsonalizatua, genero-baldintzapenik gabea, malgua eta pertsonen premiekin eta interesekin konprometitua…

Modu transbertsalagoan, baina baita orientazio profesionala sustatzeko helburuan eragin zuzena izanda, Euskadiko LHren (ETHAZI) erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza-eredua nabarmentzen da. Eredu horrek eragin egiaztatua du ikaskuntzetan eta lan-bizitzan informatzeko eta orientatzeko trebetasunarekin lotutako gaitasunen garapenean.