Irunen lesio, mehatxu eta legez kanpoko atxiloketa deituak leporatuta atxilotutako lau pertsonak espetxeratu dituzte

Ertzaintzako agenteek lau gizon atxilotu zituzten Irunen, pertsona bat jotzeagatik, lesio larriak eraginez, eta bere borondatearen kontra atxikitzeagatik. Atxilotuei ustezko hiru delitu leporatu dizkiete: lesioak, mehatxuak eta legez kanpoko atxiloketa, eta Irungo Guardiako Epaitegitik laurak espetxeratzea agindu zuten atzo.

Joan den ostiralean, arratsaldeko seiak aldera, zerbitzutik kanpora zegoen ertzain batek ikusi zuen eskuak lotuta zituen pertsona bat Irungo eraikin batetik atera eta indarrez auto batean sartzen zutela. Agenteak gertatutakoaren berri eman zuen eta, gainera, susmagarriei atzetik jarraitu zien.

Handik minutu batzuetara, autoa Irunen bertan geldiarazi zuten Ertzaintzaren patruilek. Agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, monobolumenaren atzeko aldean, lurrean, gizon bat zegoen odoletan, eta aurpegian lesio nabarmenak zituen eta eskuak bizkarrean lotuta zituen. Gainera, auto barruan beste lau pertsona zihoazen, eta atxilotu egin zituzten. Zaurituak lekuan bertan jaso zuen lehen osasun-arreta, eta, ondoren, Bidasoako eskualde-ospitalera eraman zuten eta bertan ospitaleratuta geratu zen atzo arte.

Bestalde, Irungo Ertzain-etxeak ikerketa hasi zuen gertaeraren inguruabar guztiak argitzeko. Egindako ikerketen eta lortutako ebidentzien ondorioz, atxilotuei legez kanpoko atxiloketaren ustezko delitu bat leporatu diete, bai eta mehatxuengatik beste delitu bat ere, eta hirugarren bat lesioengatik.  

Agenteek begiz ikuskatu zuten zaurituari eraso egin zioten Irungo etxebizitza. Bertan hainbat ebidentzia aurkitu zituzten, besteak beste, biktimari eskuak lotzeko erabilitako paketatzeko zinta, labana bat eta biktimak berak eta lau atxilotuek zeramatzaten telefono mugikorrak.

Horrez gainera, aipatutako ibilgailua ere begiz ikuskatu zuten, eta kartulina batzuk eta, ustez, kartulinak legezko billete bihurtzeko aplikatuko ziren produktu kimikoen botila batzuk aurkitu zituzten bertan.

Ebidentzia horien aurrean, ondorioztatu da biktimak jipoia jasotzeko arrazoi posibleetako bat izan zitekeela objektu horiek “wash-wash” izeneko iruzurra, edo tindatutako billeteen iruzurra, egiteko erabili izana.

Polizia-eginbideak amaitutakoan, lau atxilotuak, 29, 34, 41 eta 62 urtekoak, atzo, astelehena, jarri zituzten Irungo Guardiako Epaitegiaren eskuetan, eta bertatik espetxeratzeko agindua eman zuten.

Jaitsi Argazkia/Foto