Leioan atxilotu dute poltsak lapurtzeko hiru emakumeri indarkeriaz eraso egiteagatik

Ertzaintzako agenteek, Leioako Udaltzaingoarekin elkarlanean, 35 urteko gizon bat atxilotu dute hiru emakumeri, horietako bi edadetuak, indarkeria erabiliz poltsak lapurtzea leporatuta. Lapurretak garaje bateko sarreran, kalean eta atari batean egin zituen. Gainera, atxilotu duten gizonak aurretik ibilgailu bat lapurtu zuen Erandion, eta bertan aurkitu zituzten biktimen gauza batzuk.

Lehenengo lapurreta joan den astelehen gauean gertatu zen, emakume bat eraikin bateko garajeko oinezkoentzako atetik sartzera zihoanean. Bat-batean, gizon batek poltsaren uhaletik heldu zion, eta, elkarren aurka borrokan ari zirela, biktima lurrera erori zen eta gizonak poltsa kendu eta korrika ihes egin zuen. Lapurrak erabilitako indarkeriaren ondorioz, lesioak eragin zizkion esku batean eta zerbikaletan.

Asteartean, arratsaldeko ordu bat eta erdiak aldera, gizon batek atzetik indarrez tira eginda poltsa kendu zion Leioako kale batean oinez zihoan emakume bati. Gizonak lurrera bota zuenean, emakumeak kontusioak jasan zituen bizkarrean eta esku batean. Jarraian, lapurrak ihes egin zuen, dirudienez, ibilgailu batean.

Zortzi eta erdiak aldera beste emakume bati egin zioten lapurreta bere etxeko atarian  sartzera zihoanean. Gizon bat, aukeraz baliatuz, emakumearen atzetik sartu zen eraikinean eta, bultza egin eta lurrera bota ondoren, zeraman poltsa kendu zion. Emakumea osasun-zentro batean artatu zuten erorikoaren eta urradura batzuen ondorioz.

Ertzaintzaren eta Leioako Udaltzaingoaren patruilek handik minutu batzuetara aurkitu zuten gizon bat, jakin ahal izan denez, astelehenetik asteartera bitartean Erandioko udal-barrutian lapurtu zuten eta aparkatuta zegoen auto baten inguruan. Autoak manipulatuta zituen abio-sistemako kableak, eta barruan poltsa bat eta hainbat objektu aurkitu zituzten, besteak beste, diabeteserako gailu bat, diru-zorro bat, betaurreko batzuk eta arropa, horietako batzuk atarian lapurreta egin berri zioten emakumearenak.

Zegozkion frogaketak egin ondoren, gizona, antzeko modus operandia eta indarkeria erabiliz egindako hiru lapurreta horien egilearen deskribapen fisikoarekin bat zetorrena, atxilotu egin zuten lapurreta horietan eta autoaren lapurretan ustez inplikatuta egoteagatik.

Erandioko Ertzain-etxean ikertzen jarraitzen dute atxilotuak antzeko beste delitu batzuekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Atxilotuak aurrekari ugari ditu, besteak beste, indarkeria erabiliz egindako lapurretengatik, lesioak eragiteagatik eta jabetzaren aurkako egitateengatik, eta Getxoko Guardiako Epaitegira eraman dute polizia-eginbideak amaitzean.