Ertzaintza SICUR 2024 Segurtasunaren Nazioarteko Azokan izango da, berrikuntza eta garapen teknologikoa protagonista nagusi direla

Ertzaintzak Madrilen otsailaren 27tik martxoaren 1era bitartean egingo den SICUR – Segurtasunaren Nazioarteko Azokan parte hartuko du gaurtik hasita. Bi urtez behin egiten den azokak segurtasun publiko eta pribatuko profesionalak eta erabiltzaileak, elkarteak eta enpresak elkartzen ditu. Ertzaintzak ekitaldi garrantzitsu horretan parte hartuko duen bosgarren aldia da, eta “berrikuntza segurtasunaren zerbitzura” kontzeptuaren bidez, Droneen Ataletik, pertsonak lokalizatzeko eta erreskatatzeko lan garrantzitsuan, polizia-lanari laguntzeko sartu diren elementu teknologikoak erakutsiko ditu bere standean.

Ertzaintzak stand bat jarri du Madrilgo IFEMAren pabiloietako batean. Bertan 31 herrialdetako erakunde profesionalak, elkarteak eta enpresa erakusketariak elkartuko dira gaurtik aurrera, segurtasun integrala eta larrialdiak berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren ikuspegitik jorratzeko. Ertzaintzaren gunearen ardura Kanpo Lankidetzako Burutzak izango du, eta bertan Ertzaintzaren berezko ezaugarriak ezagutaraziko dira eta sektoreko profesionalen, agintarien, beste polizia-kidego batzuen ordezkarien, segurtasun-agentzien eta informazioa edo aholkua eskatzen edo behar duten guztien bisitak hartuko ditu.  

Ertzaintzak SICUR erakusleiho aparta aprobetxatu nahi du bere polizia-lanean sartu dituen elementu teknologiko berriak ezagutarazteko. Horrela, “berrikuntza segurtasunaren zerbitzura” kontzeptuaren bidez, modu grafikoan erakutsi nahi dira gaur egun UAS/Droneen Ataletik egiten diren laguntza-funtzioak.  Standean erreskate-eszena bat irudikatzen duen gune bat dago, lur orotako ibilgailu bat, drone bat, ohatila bat eta instalazioaren sabaitik airean zintzilik hainbat elementu dituena.

Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatearen erreskate-simulakro bat 3D betaurrekoekin

Zaintza eta Erreskate Unitateko Droneen Atalera eta Uretako eta Mendiko ataletara atxikitako ertzainek droneek edo tripulatu gabeko aireontziek pertsonen lokalizazioan eta erreskatean izaten duten parte-hartzeari buruzko behar den informazio teknikoa emango dute.   

Nahi duten pertsonak egoeran murgiltzeko, Ertzaintzaren standean, 360 gradutan ikusteko betaurreko batzuen bidez, erreskate-simulakro bat ikusi ahal izango da. Simulakroko protagonistak Zaintza eta Erreskate Unitateko taldeko kideak dira.  

Ertzaintzak SICUR 2024 Azokan izango duen gunean jorratutako gaiarekin bat datozen irudiak eta esloganak dituzten panel argiztatu batzuk ere egongo dira, bai eta bisitak hartzeko gune bat edo topagune bat ere, Ertzaintzaren jarduera eta une hauetan partaide duten proiektuak erakusteko. Ertzaintza Europako hainbat proiektutan parte hartzen ari da.  

Jardunaldi teknikoak eta analisi eta eztabaidarako guneak

Eskaintza komertziala egiteaz gainera, SICURek sektoreko adituak ere elkartzen ditu segurtasun globalak eremu publikoan eta pribatuan dituen erronka eta eskakizun berriak aztertzeko. Topaketa profesional honek segurtasun integralari bost arlo nagusitatik heltzen dio (segurtasuna, zibersegurtasuna, suteen aurkako segurtasuna eta larrialdiak, laneko segurtasuna), ongizate eta garapen soziala sustatzen jarraitzeko helburuarekin.

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua