Veltiumek Fleet-at-home kaleratu du, enpresei zuzendutako ibilgailuen kargak kontrolatzeko tresna

Veltium Arabako Parke Teknologikoan kokatuta dagoen enpresa bat da, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko soluzioak garatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen ditu. “Mugikortasun ekologiko, jasangarri eta ekonomikorako trantsizioan behar dituzten soluzio teknologikoak jendearen eskura jartzea da gure helburua”, adierazi dute Arabako enpresako arduradunek. Nahiz eta enpresa 2016. urtean sortu, 2019 arte ez zen hasi produktuak merkaturatzen. 

Bere bezeroak automobilgintzaren sektorekoak dira (automobil-fabrikatzaileak, renting-ak, flota-kudeatzaileak…), eta baita eraikin eta energia sektorekoak ere. Besteak beste, Iberdrola, Naturgy, Emovili eta Repsol enpresei ematen die zerbitzua. Veltiumen jarduera Espainian eta Portugalen oinarritzen da batez ere, nahiz eta azken urteotan konpainia nazioartekotze-prozesu batean murgilduta dagoen, beste merkatu batzuetara hedatzeko xedearekin. 

Veltium merkaturatu duen azken berrikuntzetako bat ibilgailu elektrikoen flotak dituzten enpresentzako bideratuta dago. “Arazo nagusia da ez dagoela tresna argi eta errazik enpresek langileen etxean egiten diren kargak kontrolatzeko, eta etxean kontsumitutako energia  konpentsatzeko”, azaldu dute Veltiumetik. Kargak monitorizatzea eta datu horiek lortzea erronka zaila da enpresentzat; izan ere, kargagailu asko komunitate-garajeetan daude, eta ez dute koberturarik, ezta urruneko sarbide errazik ere. 

Egoera ikusita, Arabako konpainiak ‘Fleet-at-home’ kaleratu du. Tresna honek bi zati ditu, enpresei datu guztiak zehatz-mehatz ezagutzeko aukera ematen diena. LITE kargagailuak etxean instalatzen dira eta kargei buruzko informazio guztia app baten bidez ezagutzeko aukera ematen dute. Eta, gainera, Dashboard LITE plataformaren bidez, konpainiak edozein gailutatik eskura dezake kargen informazio grafikoa eta kopurua. Horrez gain, aukera ematen du datuak eremu geografikoen arabera multzokatzeko edo daten edo kargagailu desberdinen arabera filtratzeko. 

Veltiumek SPRI Taldearen laguntza jaso du Bind 4.0 eta Ekintzaile programen bidez. Etorkizunari begira, Arabako konpainiak ahalmen berriak dituzten gailuak ezartzen jarraitu nahi du, hala nola, erabiltzailea autotik identifikatzeko sistemak, ordaintzeko metodoak edo bi noranzkoko karga. 

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.