Sei ertzain zauritu dira, jaurtitako objektu sendoek, botilek eta edalontziek, bai eta artefaktu piroteknikoek ere, eragindako ebaki eta kontusioen ondorioz, San Mames inguruan bazter-nahasle batzuek sortutako istiluetan. Istiluak futbol-taldeei estadio barrura laguntzen ari zirenean eta partida amaitzean gertatu dira. Pertsona bat atxilotu dute gertakarietan parte hartzeagatik.
Zauritutako sei ertzainak, Athletic Club eta Atletico Madril futbol-taldeek bart gauean San Mames futbol-zelaian jokatu duten partida dela-eta, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak antolatutako segurtasun-dispositibo bateratuan parte hartzen ari ziren. Bazter-nahasleek botilak, beirazko edalontziak, objektu sendoak eta artefaktu piroteknikoak bota dituzte agenteen aurka, bai partida hasi aurretik bai amaitu ondoren.
Gertakari horien ondorioz, 23 urteko gazte bat atxilotu dute, desordena publikoak eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta, eta polizia-eginbideak amaitu ondoren, aske utzi dute.
Gainera, beste gazte bati eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, agintaritzaren agenteen aurkako ustezko atentatua leporatuta. Estadio barruan, pertsona bati salaketa jarri diote Kiroleko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako legea urratzeagatik, indarkeriara bultzatzen zuten keinuak egitea leporatuta, eta aterarazi egin dute.
Istilu horietan ebakien eta kontusioen ondorioz zauritutako sei agenteetako bat, azkenean, osasun-zentro batera eraman behar izan dute, eta gainerakoak lekuan bertan artatu dituzte. Gainera, jaurtitako objektuek kalteak egin dizkiete polizia-ibilgailu batzuei.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du istiluetan parte hartu duten pertsona gehiago identifikatzeko.