Categorías: albisteak-berriak

Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu da Bilbon, agerian jartzeko hedabideen jokabide sexistak

Kazetaritza Matxistaren Behatokia aurkeztu dute gaur UPV/EHUko ikertzaileek eta Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkarteko arduradunek, Bilboko Itsasmuseumen. Proiektuaren oinarria da periodismomachista.com webgunea, zeinaren eginkizuna baita hedabideen jardunean izaten diren sexismo kasuak bistaratzea eta matxismo motaren arabera kategorizatzea, profesionalek -emakume nahiz gizon- beren egunerokoan saihets ditzaten.

«Kazetaritza matxista kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia akats bat edo ehuneko batean huts egitea izan daitekeen bezala. Ez dago kazetaritza matxista onik», adierazi du Angeriñe Elorriaga UPV/EHUko ikertzaileak. Egitasmoaren zuzendaria da, erakunde berean ikertzaile ere baden Iker Merchánekin batera. Kontua ez da albistea eragin duen gertaera matxista gisa seinalatzea, kazetariak haren berri emateko modua matxista izan dela salatzea baizik. Albiste sexista bakoitzean, esaten da zergatik den matxista eta hedabideak erreakzionatu duen ala ez (informazioa editatuz, ezabatuz edo azalduz), eta hobetzeko proposamen bat egiten da.

Proiektuak jasotako lerroburu batzuk:

  • «Leonor printzesaren dieta zorrotza, sasoian egoteko eta Gavi maitemintzeko»
  • «Sara García, astronauta: “Den-dena gustatzen zait, sukaldean aritzea, ‘crochet’ egitea… edota nire arropa eta nire altzariak nik neuk diseinatzea»»
  • «Mladenovic, Thiemen neska-laguna, irabazle binakakoetan Roland Garrosen»
  • «86 urteko gizon edadetu bat inputatua, 82 urteko emaztearekin sexu harremanak izaten saiatzeagatik»
  • «Harvey Weinsteinen ibilbidea amaitu duten emakumeak»
  • «Isuna goizaldean emakume bati maitasun kantak abesteko deitzeagatik»

Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea deialdiaren barruan kokatzen den egitasmo honek bultzada eman nahi die kalitatezko ikerketari eta ezagutzaren transferentziari, eta elkarlanaren emaitza da, UPV/EHUko Bitartez ikertaldearen (euskal unibertsitate sistemaren kalifikazio akademiko gorena jaso duena) eta Pikara Magazineri (feminismoei buruz gaztelaniaz gehien irakurritako hedabidea) loturiko Emakume Kazetaren Elkartearen  artekoa.

Pikarak esperientzia luzea du kazetaritzaren kalitate arazo hauen analisian. Mª Ángeles Fernández argitalpenaren koordinazio taldeko kideak proiektuaren balioa nabarmentzen du: «Kazetaritza ona egitea da zalantzan jartzea ziurtzat jotzen den guztia. Beraz, lanbidean matxismo kasuak seinalatzeak berekin dakar istorioak hobeto kontatzea».

Behatokia bi urtez arituko da gutxienez eta material didaktikoa sortzea du helburu, bigarren hezkuntzako eta komunikazio fakultateetako ikasgeletan erabiltzeko. Elorriagaren hitzetan, «gure ustez informazio hau baliagarria izan daiteke hedabideen irakurketa kritikoa sustatzeko. Erredakzioetara eta kalera eraman behar dugu dagoeneko ohikoa dena Kazetaritzako, Publizitateko edo Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasgeletan, non matxismorik eza kalitate zantzu bat gehiago den».

Webgunea euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eta informazio bakoitza argitaratu den hizkuntzan jasotzen da. Proiektua osatzen da sare sozialetan (Instagram, TikTok eta Twitter) maiztasun handiz argitaratzen diren edukiekin. Proposamena herritarrei zabalik dago eta postontzi bat erabil dezakete hedabideetan aurkitzen dituzten jokabide sexisten berri emateko.

Bitartez

Bitartez da UPV/EHUko ikertalde finkatu bat, kalifikazio akademiko gorena jaso duena euskal unibertsitate sisteman. Hainbat diziplinatako 25 profesionalek osatzen dute. Generoa du ikerketa ildo nagusi, komunikazioarekin eta irakaskuntzarekin duen loturaren ikuspegitik.

Pikara Magazin Emakume Kazetarien Elkartea

Pikara Magazine hedabidea 2010ean sortu zen, Bilbon, eta helburutzat du kalitatezko kazetaritza egitea ikuspegi feminista, kritiko eta transgresore batetik. Feminismoen inguruan munduan gaztelaniaz gehien irakurritako hedabidea da, eta 30 sari eta aintzatespen inguru jaso ditu eginiko lanagatik.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Irunberrin 2,5 megawatteko hidrogeno berdezko elektrolizagailu berri bat ezarri da, potentzia horretako lehena, herrialdean osorik fabrikatua

María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak Nordex Electrolyzers enpresaren instalazioak bisitatu ditu asteazken honetan, Irunberrin, hidrogeno…

3 horas hace

Nafarroako Gobernuak 2026rako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua aurkeztu dio Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari

José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren beste bilera baterako…

3 horas hace

Nafarroak 152 ekintza jarri ditu martxan 2025ean kulturen arteko bizikidetza bultzatzeko

Jatorri migratzaileko 140.000 nafar ingururekin eta kopuru hori handitzeko aurreikuspenarekin, kulturen arteko bizikidetzaren alde lan…

3 horas hace

Abeltzaintzako azokak eta merkatuak egitea debekatu du Nafarroak, badaezpada, Frantziako abeltzaintzaren egoera epidemiologikoak okerrera egin duelako

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak debekatu egin du Foru Komunitate…

3 horas hace

Azaleko gaixotasunei buruzko jardunaldia Gurutzetan: prebentzioarekiko eta diagnostiko goiztiarrarekiko konpromisoa

Ospitaleko profesionalek parte hartu dute jardunaldian: María Luz Marqués González doktoreak, zuzendari gerenteak, inauguratu du…

3 horas hace

Urriaren 26ra arte donostiarrek Partaidetzazko Aurrekontuetan bozkatzeko aukera dute.

Proiektuak udal webguneko formulario baten bidez bozkatu daitezke edo aurrez aurre Easo kaleko 43ko Herritarren…

3 horas hace