Ertzaintzak Euskadin marihuana ekoizteko ahalmen handiena zuen pabiloia desegin du Amurrion

Laudioko Ertzain-etxeak joan den azaroan hasitako ikerketa 45, 40 eta 23 urteko hiru gizon atxilotuta amaitu da. Atxilotuak Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoetan marihuanaren hazkuntzan eta trafikoan aritzen zen talde kriminal bateko kideak dira. Amurrioko udal-barrutian kokatutako industria-pabiloi bat desegin dute, eta bertan une hauetan bost berotegi independente zituzten instalatuta, eta berotegi gehiago instalatzeko eta gutxienez 11.000 landare izateko obrak egiten ari ziren.

Atxiloketak joan den astelehenean, martxoaren 11n, egin zituzten, Amurrioko udal-barrutian egindako operazio batean. Hiru gizonak droga-trafikoa eta argindarrarekin iruzur egitea leporatuta atxilotu zituzten.

Ikerketan Laudioko eta Gernikako ertzain-etxeetara atxikitako herritarren babeserako patruilek parte hartu dute, eta Bilboko Ertzain-etxeko droga- ataleko taldearen laguntza izan dute.

Ikerketa 2023ko azaroan hasi zuten. Sareak Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoetan jarduten zuen, eta marihuana-landareak indoor hazteko hainbat industria-nabe zituen.  Polena erauzteko materiala zuten, kalamuaren deribatuak egiteko, besteak beste, rosina. Substantzia erretxinatsu horrek % 60tik gorako tetrahidrocannabinol (THC) aktiboa du, eta merkatuan gramoak 120 euro inguruko prezioa du. Horretarako, beharrezkoa da lehengaia etengabe hornitzea; izan ere, substantzia horren kilogramo bat lortzeko 50-75 kilo marihuana behar dira. Horretarako, nabe bat egokitu zuten Amurrioko udal-barrutian, eta gailu elektrikoak, bero-ponpak, aireztapen-sistemak, airea erauzteko sistemak eta ureztatzeko eta ongarritzeko sistema automatizatuak zituen nabe horretan urtean 4-6 uzta bil zitezkeen.  

Nahiz eta nabeak ez zuen inolako merkataritza- edo lan-jarduerarik, perimetroko bideozaintza-sistema bat zuen, eta, gainera, eremu malkartsu batean kokatuta zegoenez, egindako aldaketak ez ziren erraz hautematen.  

Talde kriminaleko kideek segurtasun-neurriak hartzen zituzten berotegietara joaten zirenean. Atxilotuetako bik maila altuagoa zuten antza, horietako bat elektrizitatean eta iturgintzan espezialista zen eta besteak sareen instalazioan ezagutza aurreratua zuen. Hirugarren atxilotua landareak zaintzeaz arduratuko zen.

Gainera, epailearen baimenarekin, Arabako eta Bizkaiko hiru etxebizitza eta bi industria-pabiloi ere miatu zituzten.

Ekoizpen nagusia Amurrioko pabiloian zuten, eta bertan agenteek barruko bi berotegi gune aurkitu zituzten, guztira 644 landarerekin, bai eta hazkuntza mantentzeko eta handitzeko material ugari ere, edukiera gutxienez 11.000 landaretara iristeko behar ziren obrako materialez gainera. Berez, pabiloiaren beste zati batean jada ari ziren berotegi berriak instalatzeko beharrezko elektrizitate- eta iturgintza-lanak egiten.  Aurkitutako landareekin, taldeko kideek 250.000 euro inguru lor zitzaketen legez kanpoko merkatuan.

Hiru etxebizitzetan material elektroniko ugari konfiskatu zuten, besteak beste, ordenagailu eramangarriak, disko gogorrak eta telefono mugikorrak, agiriak, 26.000 eurotik gora eta pistola bat munizio eta guzti.

Polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotuak Amurrioko Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten martxoaren 13an, eta epaileak karguak egotzita aske uzteko agindua eman zuen.

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua