Apirilaren 21eko hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak aurkezteko azken eguna

Gaur, martxoak 18, alderdi politikoek, koalizioek eta hautesle-elkarteek Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetarako zerrendak hiru lurralde historikoetako hauteskunde-batzordeetan aurkeztu ahal izateko azken eguna da. Hauteskunde-batzordeek zerrenda horiek aztertuko dituzte, eta, irregulartasunen bat izanez gero, jakinarazi egin beharko dute martxoaren 22tik 24ra bitartean zuzentzeko. Okerrak zuzentzeko epe hori amaitzen denean, datorren astelehenean, martxoaren 25ean, hauteskunde-batzordeek behin betiko hautagai-zerrendak aldarrikatuko dituzte, eta, hurrengo egunean, martxoaren 26an, argitaratuko dira EHAAn, ofizialak izan daitezen.

Emakumeak gutxienez % 50 izango dituzten hautagai-zerrendak bakarrik aldarrikatuko dira, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Euskadiko araudiak ezartzen duenari jarraituz.

Prozedura

Hautagai-zerrenda bakoitzak Lurralde Historiko bakoitzeko 25 pertsona izan beharko ditu. Era berean, alderdi politikoek, koalizioek edo hautesle-elkarteek gutxienez hiru eta gehienez bost ordezko ere gehitu beharko dituzte. Hautagai-zerrendak inskribatzeko, hauteskunde-araudian zehazten den dokumentazioa aurkeztu behar da, eta inprimakiak formatu elektronikoan eta editagarrian daude eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren webgunean. Bertan adierazi behar dira:

  • Hautagai-zerrendaren izena, siglak eta identifikazio-ikurra. Item horiek ezingo dira aldatu hauteskunde-prozesua garatzen den bitartean.
  • Hautagaien eta ordezkoen izen-abizenak, helbide zehatza eta zerrendan izango duten ordena.
  • Hautagai-zerrendako lurralde-ordezkariaren izen-abizenak; Lurralde Historikoko hiriburuan izango du helbidea.
  • Hautagai-zerrendaren parte izatea onartzen dutela egiaztatzeko dokumentua, hautagai eta ordezko bakoitzak sinatua, eta hautagaiak Euskal Autonomia Erkidego osoan zerrenda bakarrean parte hartzen duela aitortzeko adierazpen formala.
  • Hautagaia indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-erroldan inskribatuta dagoela dioen egiaztagiria.