Categorías: albisteak-berriak

Euskal Y-aren eraikuntza- eta mantentze-lanek ezbaian jartzen dute emisio-murrizketa eta energia-kontsumoa

Euskal Y-aren ingurumen-portaera aztertu dute bizi-zikloaren analisiaren metodologia erabiliz, alegia, eraikuntza-fasean eta mantentze-lanetan ere eragiten diren ingurumen-inpaktuak kontuan hartuta. Emaitzen arabera, linea horrek ez du nahikoa ahalmen izango klima-aldaketa arintzeko eta energia-kontsumoa eta beste ingurumen-inpaktu batzuk murrizteko. Lortutako emaitzak eta metodologia erabilgarriak izan daitezke beste AHT batzuk edota beste garraiobide batzuen azpiegiturak aztertzeko.

2050erako karbonotan neutro izateko helburua ezarri du Europar Batasunak. Ildo horretan, klima-aldaketa arintzeko gako dira garraio-politikak; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, berotegi-efektuko emisioen herena eragiten du garraioak. Ingurumen-helburu horiek lortzeko oso lagungarri izan daitekeen garraiobide gisa aurkeztu izan da AHTa. Madril eta EAE arteko abiadura handiko trenaren euskal Y-a esaten zaion lineak merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko linea mistoa izatea du helburu, ohi ez bezala, eta mugikortasun jasangarriago bat lortzeko funtsezkoa dela esaten da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa-taldeko kideek euskal Y-aren bizi-zikloaren analisia egin dute linea horrek bere bizitza erabilgarri osoan izango duen ingurumen-portaera ebaluatzeko. “Askotan, ez dira kontuan hartzen azpiegiturak eraikitzeak eragiten dituen ingurumen-kargak. Esan ohi da AHTak ingurumen-kargak murriztuko dituela, trena elektrikoa delako, baina ez da kontuan hartzen eraikitzeko fasean sortzen diren karga guztiak”, adierazi du Andoni Kortazar UPV/EHUko Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko irakasleak. Azpiegiturak eraikitzeko erabiltzen diren lehengaiak eskuratzeko unetik bertatik proiektua amaitzen den arteko inpaktu guztiak kontabilizatu dituzte: “Meategien ustiaketa, eraikuntza-fasea, mantentze-lanak, operazio-fase osoa… Bizi-ziklo osoa hartu dugu kontuan”, erantsi du.

Euskal Y-ak energia-kontsumoa murrizten, klima-aldaketa arintzen eta EBk ezarritako emisio-helburuak betetzen lagundu dezakeen egiaztatzeko, eskura dauden azken datu eguneratuetan oinarritu dira: “Proiektuaren trazadura osoa aztertu dugu, metroz metro. Besteak beste, tunelen eta biaduktuen luzerak neurtu eta dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu; eta, bestalde, operaziorako administrazioak, Adif-ek eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituzten garraio-estimazioei ere dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu. Hala, jakin ahal izan dugu proiektu honek zenbat urte beharko lituzkeen ingurumen-onurak eragiteko”, azaldu du ikertzaileak.

AHTa hedatzeko beharra birplanteatzeko eskaera

Emaitzek erakutsi dutenez, eraikuntza-fasean eragindako inpaktuak AHTaren beste linea batzuen aldean oso gainetik daude, batetik, eskualdearen orografia menditsuaren ondorioz, baliabide- eta energia-kontsumo handiagoa behar duten azpiegitura konplexuagoak eraiki behar baitira, eta, bestetik, garraio eskari baxuagatik. Ikertzaileek adierazi dutenez, “korridore berri hau ez dago justifikatuta emisio-murrizketei eta energia-kontsumoari erreparatuz. Gainera, eragin hutsala izango du Espainian gaur egun dagoen tren bidezko merkantzien garraio baxuan”. Izan ere, Espainiako AHTaren sareak bidaiariak baino ez ditu garraiatzen, eta Frantziako merkantzien garraiorako konexioa ez da prest izango 2037 baino lehen.

Aurreikusita dago linea 2030ean ustiatzen hasten denean bidaiari-eskaria 5,8 eta 3,3 milioi artekoa izatea; “munduko beste AHTen eskaria baino nabarmen txikiagoa da hori”, adierazi dute. Hala, euskal Y-aren lineak ez du izango ingurumen-onurarik emateko adinako bidaiari-garraiorako eskaririk. Alegia, “euskal Y-rako aurreikusitako garraio-eskaria ez da behar bestekoa, energia-kontsumoa eta emisio atmosferikoak murrizteari dagokionez azpiegitura osoaren eraikuntza justifikatzeko”, diote ikertzaileek.

Beraz, “Espainiak bere AHTa hedatzeko beharra birplanteatu beharko luke —ondorioztatu dute ikertzaileek—. Euskal Y-ak ez du nahikoa ahalmen izango klima-aldaketa arintzeko eta energia-kontsumoa eta beste ingurumen-inpaktu batzuk murrizteko. Ingurumen-krisi globaleko testuinguru batean, proiektu honek egora hobetu beharrean okertu ere egin dezake”.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Gizon bat atxilotu dute Bilbon gazte bat arma zuri batekin zauritzeagatik

25_0319 Gizon bat atxilotu dute Bilbon gazte bat arma zuri batekin zauritzeagatik Gizon bat atxilotu…

57 mins hace

Sei pertsona atxilotu dituzte eta bat ikertu Getxon droga-trafikoaren aurkako operazio batean

Azken hilabeteotan, Ertzaintzak, Getxoko eta Leioako udaltzaingoen laguntzaz, operatibo bat gauzatu du Getxon droga-trafikoan ziharduen…

4 horas hace

Ebasketa eta iruzurra leporatuta atxilotu dute, Donostiako diskoteka batean lapurtutako bankuko bi txartel erabili ondoren

Ertzainek 23 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Donostian, iruzur-delitu bat eta ebasketa-delitu bat…

7 horas hace

“Udaberriko Bertso Saioak” vuelve a Santutxu este mes con tres sesiones y un bertso-poteo

El Ayuntamiento de Bilbao reúne a los nombres más actuales del bertsolarismo en Santutxu los…

7 horas hace

ELA convoca una jornada de huelga en Euskotren para el 21 de mayo

El sindicato ELA ha convocado una jornada de huelga para el 21 de mayo que…

7 horas hace

Kontsumobide detecta altos niveles de incumplimiento en la venta de legumbres

El Instituto Vasco de Consumo, Kontsumobide, ha llevado a cabo tres campañas de inspección que…

7 horas hace