Ertzaintza eta Microsoft elkarlanean arituko dira haurren eta gazteen eremuan zibersegurtasunaren arloko sentsibilizazioa sustatzen

  • Ertzaintzaren “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” taldea arduratzen da Euskadiko ikastetxeetan segurtasun publikoaren alderdiei buruzko sentsibilizazio-programak emateaz 

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran eman du Ertzaintzaren eta Microsoft konpainia informatiko multinazionalaren arteko jarduketa-protokolo bat sinatzeko oniritzia, Ertzaintzaren “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” taldea zibersegurtasunaren arloan prestatzeko. Helburu zehatza da Euskadiko ikastetxeetako ikasleak segurtasun publikoaren hainbat alderdiri buruz sentsibilizatzeaz, informatzeaz eta kontzientziatzeaz arduratzen den prebentzio-programa horretan lan egiten duten ertzainen gaitasunak hobetzea.

Zibersegurtasunaren arloko Ertzaintzaren eta Microsoften arteko lankidetza horrek nabarmen balioko du azken joerak Euskadira hurbiltzeko, agenteek gazteak modu seguruagoan prestatu ahal izan ditzaten ingurune digitalean beharrezkoa den autobabesean.

Protokolo horrek urtebeteko iraupena izango du, eta beste urtebetez luzatu ahal izango da. Lankidetza honako arlo hauetan garatuko da:

  • Prestakuntza eta baliabideak partekatzea Ertzaintzako taldeei segurtasunaren arloko trebetasun teknikoak eta gaitasunak garatzen eta eguneratuta mantentzen laguntzeko.
  • Aholkularitza eta orientazioa ematea prebentzio- eta komunikazio-programen eraginkortasuna hobetzeko moduari buruz, bai eta Ertzaintzaren eta beste erakunde batzuen arteko komunikazioa eta lankidetza hobetzen lagundu dezaketen tresna eta teknologiei buruz ere.
  • Komunitatean prebentzioa eta komunikazioa sustatzeko ekitaldien eta jardueren antolaketan elkarlanean jardutea.