Ertzaintzak Mexikon bahitutako gizon bat askatu du

Ertzaintzak, “AZERI” operazioa deitu denaren bitartez, Mexikoko Bahiketen Aurkako Unitatearekin eta Mexikoko Chihuahua estatuko operazio estrategikoetan espezializatutako Fiskaltzarekin elkarlanean, 7 egunetan bahituta egon den 35 urteko gizon bat askatu du. Egun horietan grabatu egin zuten erasotzen zuten bitartean, familiartekoak koakzionatzeko, aske uzteko eskatutako erreskatea ordain zezaten.

Gertakariak Ciudad Juarezen hasi ziren, Chihuahua estatuan (Mexiko), apirilaren 6an. Gizona, 35 urtekoa, “Coyotes Mexicanos” deiturikoek bahitu zuten. Pertsona horiek ezkutuan eta legez kanpo pasatzen dituzte pertsonak Estatu Batuetarako mugan, diru-kopuru baten truke.

Atxilotua bahitzaileek atxiki zuten. Dirudienez, ez zitzaien nahikoa iruditu bahitutako pertsonarekin muga igarotzeko hitzartutako hasierako kopurua eta, haren familia Euskadin bizi dela jakin zutenean, haren amari –telefono-zenbaki ezberdinetatik bidalitako WhatsApp mezuen bidez– diru-kopuru handia eskatu zioten. Diru-kopuru hori apirilaren 9a baino lehenago jaso behar zuten, bestela semea hilko zutela mehatxatuta.

Horrez gainera, amak bideo batzuk ere jaso zituen, semea mehatxatzen eta jotzen ari zirela erakusteko. Hori dela eta, familiak Ertzaintzara jo zuen apirilaren 9an, gertatutakoa salatzeko.

Une horretan, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiko Burutzako Pertsonen Aurkako Delituen Atalak hartu zuen bere gain ikerketa, gizona askatzea lortu arte.

Horrela, horretarako gaitutako polizia-kanal ofizialak ireki zituzten, beste lankidetza-kanal operatibo batzuekin batera.

Alde horretatik, Ertzaintzaren Polizia Koordinaziorako Unitatearen bitartez, INTERPOL bidez, Mexikoko poliziarekin lotura zuzena ezarri zen, eta, bien bitartean, erakundeak mobilizatu ziren inplikatutako herrialdeetako agregatuen bidez, eta zuzenean jarri ziren harremanetan Mexikoko Bahiketen Aurkako eta Inpaktu Handiko Delituen Koordinazioko (CONASE) Krisiak Maneiatzeko eta Negoziatzeko atalaren arduradunarekin. Ertzaintzaren Atal Nagusia erakunde horrekin lankidetzan aritua zen 2015ean eta 2021ean Mexikon egindako beste bahiketa batzuk ebazten. Era berean, polizia-operatiboa Mexikoko Chihuahua estatuko operazio estrategikoetan espezializatutako fiskalarekin, Arturo Velasco jaunarekin, koordinatu zuten, eta, gainera, Espainiak Mexikon duen Enbaxadako Barne Ministerioko komisario agregatuaren laguntza instituzionala ere izan zuten.  

Ertzaintzaren Negoziazio Taldeak gidatuta, negoziazio taktiko bat hasi zen, bahituaren amaren bidez, ahalik eta datu gehien lortzeko eta bahitzaileen kokapena lortu arte denbora irabazteko. Mexikotik, bahitzaileek erabiltzen zituzten telefonoak geolokalizatzeko kudeaketak egin zituzten, bai eta biktima Ciudad Juarezen atxikita zuten eremua mugatzea lortu zuten ikerketa-kudeaketak ere.

Apirilaren 11n, Ertzaintzak, Ciudad Juarezeko UECS (bahiketaren aurkako borrokan espezializatutako unitatea) polizia-talde taktikoarekin batera, eta Chihuahuako Fiskaltzarekin koordinatuta, egindako operazio bateratuan, biktima askatzea lortu zuen, eta Mexikoko agintarien babespean geratu zen. Horiek aireportura lagundu zioten herrialdeko leku seguruago batera joan zedin.

Nazioarteko bost bahiketa 2015etik

Estatuan ohikoak ez diren arren, Ertzaintzak 2015etik nazioarteko bost estortsio-bahiketaren ikerketan parte hartu du. Era horretako bahiketetan, bahituaren familiari mehatxu egiten diote, bahituari min egingo diotela edo hil egingo dutela esanez, aske uzteko diru-kopuru bat ordaintzen ez badu. Egoera horietako jarduketek emaitza positiboak izan dituzte, kasu guztietan lortu baita bahituak askatzea.