Gizon bat atxilotu dute Leioako gasolina-zerbitzugune batean sutea eragiteagatik

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, kalte-delitu bat leporatuta. Atxilotuak su eman die erregai-bidoi batzuei Leioako gasolina-zerbitzugune batean, eta suhiltzaileek itzali behar izan dute sua.

Gaur goizaldeko hamabi eta erdiak aldera, gizon bat Leioako gasolina-zerbitzugune batera joan da, eta hiru bidoi erosi eta erregaiz bete ditu. Handik pixka batera, gasolindegiko langile batek sutan ikusi ditu bidoiak, eta berehala hurbildu da su-itzalgailu batekin sua itzaltzera. Ondoren, bidoiak erosi dituen gizonak ostikoa eman dio bati, eta sua zabaldu egin da. Horren aurrean, langileak berehala deitu du SOS Deiak 112 zerbitzura, gertatutakoaren berri emateko eta suhiltzaileak bertaratzeko eskatzeko.

Handik minutu batzuetara Ertzaintzaren dotazio bat iritsi da, eta ikusi du gizon bat, sua piztu duena, korrika ihes egiten saiatzen ari zela, baina atzetik segi ondoren berehala geldiarazi du. Gizona nahiko oldarkor agertu da, eta agenteek menderatu egin behar izan dute atxilotzeko.

Suhiltzaileek sua itzali dutenean, gasolina-zerbitzugunea jendearentzat itxita geratu da izan dituen kalteengatik.

Erandioko Ertzain-etxetik ikerketa jarri dute abian gertatutakoa argitzeko eta atxilotua horrela jokatzera zerk bultzatu duen jakiteko.

Atxilotua, 38 urtekoa, epailearen aurrera eramango dute dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren.