Bi atxilotu Gasteizko etxebizitza batean lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu, hilaren hasieran Gasteizko etxebizitza batean egindako lapurretarekin ustez zerikusia izateagatik. Apirilaren 8an beste gazte bat atxilotu zuten delitu horretan parte hartzeagatik.

Apirilaren 5eko goizaldean lapurreta egin zuten Gasteizko Zaramaga auzoko etxebizitza batean. Dirudienez, lapurrak leiho batetik sartu ziren etxean, eta etxearen jabeak diru-kopuru esanguratsua gordeta zuen gelara joan ziren.

Etxeko gela hori bakarrik nahastu zutela ikusita, ikerketaz arduratu ziren agenteek pentsatu zuten delitua egin zutenek bazekitela dirua non ezkutatuta zegoen. Horren ondorioz, ikerketa biktimaren ingurunera mugatu zen. Horrela, jakin ahal izan zuten senitarteko batek lagun bati kontatu ziola, eta hura apirilaren 8an atxilotu zuten gertakarietan ustez inplikatuta egoteagatik.

Atxiloketa horren ondoren, ikerketa taldeak ikerketekin jarraitu zuen, eta atzo, asteartea, beste bi gazte atxilotu zituen lapurreta horrekin zerikusia izateagatik.

Bi atxilotuak, 19 eta 22 urtekoak, dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.