Categorías: albisteak-berriak

Osakidetzak haurdun dauden emakumeentzako proba ez-inbaditzaile berri bat erantsi du jaio aurretik detektatzeko baheketa-programan

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri duenez, Euskadi da, modu antolatuan eta haurdun dauden guztiei zuzenduta, proba hori martxan jartzen duen lehen autonomia-erkidegoa
  • Amaren odol-lagin baten analisian oinarritzen da. Analisi horri esker, haurdunaldian, eta fetua edo osasuna arriskuan jarri gabe, Down sindromearekin, Edwards sindromearekin edo Patau sindromearekin lotutako alterazio kromosomikoak detekta daitezke
  • 2009an martxan jarri zenetik, 210.000 baheketa baino gehiago egin zaizkie haurdunaldiaren jarraipena egitera Osakidetzara hurbildu diren emakumeei

Osakidetzak haurdun dauden emakumeentzako proba ez-inbaditzaile berri bat gehitu du jaio aurretik detektatzeko baheketa-programan. Proba hori amaren odol-lagin baten analisian oinarritzen da. Analisi horri esker, haurdunaldian, eta fetua edo osasuna arriskuan jarri gabe, Down sindromearekin, Edwards sindromearekin edo Patau sindromearekin lotutako alterazio kromosomikoak detekta daitezke. Euskadi da jaio aurretik detektatzeko baheketa-programan proba berri hori abian jarri duen lehen autonomia-erkidegoa, eta haurdun dauden guztiei eskaintzen die.

Prozedura berri hori —% 99ko eraginkortasuna du— Osakidetzako Erakunde Sanitarioetan txertatzearen helburua da prozedura inbaditzaileen kopurua murriztea haurdunaldian, amniozentesia kasu. Izan ere, azken horrek zenbait arrisku ditu eta % 1 inguruko fetu-galera dakar.

Osakidetzak proba berri hau —emakumearentzat eta fetuarentzat ez du arriskurik eragiten— lehen hiruhilekoko baheketan edo proba konbinatuan tarteko arriskua duten emakume haurdunei eskaintzen die.

OSAKIDETZAREN JAIO AURRETIK DETEKTATZEKO BAHEKETA

Jaio aurretik detektatzeko baheketa-probak Osakidetzako zentroetara haurdunaldiaren kontrola egitera joaten diren emakume haurdun guztiei eskaintzen zaizkie, eta seme-alabak Down sindromea, Edwards sindromea edo Patau sindromea izateko duen probabilitatea neurtzen du.

Baheketa edo lehen hiruhilekoko proba konbinatua arrisku-kalkulu bat egitean datza, 11. eta 13. asteen artean, amaren faktoreetatik (adina, haurdunaldi mota, aurrekariak), proba biokimiko eta ekografikoetatik abiatuta.

Datu horien konbinazioak zehazten du fetuak alterazio kromosomikoak izateko duen arriskua; hala, arrisku txiki, arrisku ertain eta arrisku handi gisa kalifikatzen ditu. Arrisku handia izanez gero, baieztapen-proba bat (korioneko biopsia  / amniozentesia) egingo dela adierazten zaio. Arrisku ertaina izanez gero, beste proba bat egingo da amaren odolean azido desoxirribonukleikoa (DNA) detektatzeko, eta emaitza arrisku handikoa bada ere, baieztapen-proba bat eskatuko zaio (amniozentesia). Arrisku txikiko emaitzaren kasuan, haurdun dagoen emakumeari ohiko kontrolekin jarraituko dutela adierazten zaio.

210.000 BAHEKETA BAINO GEHIAGO

Orain arte lehen hiruhilekoan egindako probekin sindrome horiek antzemateko fidagarritasuna handia bada ere (% 89-95), DNA gehitzeak kasuen % 99 arte detektatzea ekarriko du eta, gainera, berresteko teknika inbaditzaileak murriztea ahalbidetuko du.

Kontuan izan behar da 2009an martxan jarri zenetik 210.000 baheketa baino gehiago egin zaizkiela Osakidetzara haurdunaldiaren jarraipena egitera joan diren emakumeei, % 85etik gorako estaldurarekin; hau da, haurdun dauden emakume gehienak Osakidetzara joaten dira beren haurdunaldia kontrolatzeko.

Gainera, baheketan parte hartzen duten emakume haurdunen % 40k baino gehiagok 35 urte baino gehiago ditu —eta hori garrantzitsua da, adina arrisku-faktore bat baita—; beraz, jaio aurretik detektatzeko baheketa-proba berri bat gehitzeak sortzetiko anomaliak dituzten fetuen atzipena eta detekzioa hobetuko ditu. Nabarmentzekoa da baheketa honi uko egin diotenen portzentajea % 1etik beherakoa izan dela.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Gasteizen atxilotu dute lesio-delitua leporatuta

Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo, igandea, goizaldean Gasteizen lesio-delitu bat leporatuta, borrokan…

8 horas hace

Bigarren Hezkuntzako ikasleak egun batez auzitegiko polizia bihurtu dira, eta krimen bat argitu dute “Forensic Science” hezkuntzako STEAM proiektuaren barruan

• Aurten hogeita hamar ikastetxek parte hartzen dute “Forensic Science" jardueran, Arteekin lotutako STEAM proiektuan,…

11 horas hace

La tasa de pobreza infantil de España es casi el doble que la de Euskadi

Actualmente la tasa de pobreza infantil en el estado español es del 29%, en Europa…

11 horas hace

La UVR de la Ertzaintza rescata a un hombre en el Parque Natural de Gorbeia

Ayer, domingo, agentes de la Unidad de Vigilancia y Rescate (UVR) de montaña de la…

11 horas hace

Cruz Roja rescata a dos menores con hipotermia a 200 metros de la playa de Zarautz

Dos menores fueron rescatados este domingo por la tarde en la costa de Zarautz después…

11 horas hace