Bi atxilotu Barakaldoko etxe batean lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak 41 urteko bi gizon atxilotu ditu Sestaon, Barakaldoko etxe batetik dirua eta bitxiak lapurtzeagatik eta bigarren etxe batean lapurreta egiten saiatzeagatik. Atxilotuek aurrekariak dituzte antzeko delituengatik.

Lapurreta joan den apirilaren amaieran egin zuten Barakaldoko Lutxana auzoan. Familiako kide bat etxean zegoenean, ustekabean pertsona arrotz batekin topo egin zuen. Kalteren bat jasateko beldurrez, komunean babestu zen eta beste senitarteko batzuk gertaeraz ohartarazi zituen.

Handik minutu batzuetara, arrotzak etxetik alde egin zuen, etxe guztia miatu eta dirua eta bitxiren bat edo beste hartuta. Lekuko batzuen arabera, bi pertsona ikusi zituzten ataritik irteten, eta horietako batek manta batekin estalitako objektu bat zeraman. Jarraian ibilgailu batera igo ziren, hirugarren pertsona bat baitzuten zain ihes egiten laguntzeko. 

Lapurretaren berri izan ondoren, Ertzaintzaren hainbat patruila agertu ziren lekura, eta gertatutakoari eta egileei buruzko informazioa bildu zuten. Era berean, jakin ahal izan zutenez, eraikin bereko beste etxebizitza batean ere saiatu ziren lapurreta egiten, sarraila behartuta, baina ez ziren barrura sartu.

Sestaoko Ertzain-etxeko eta Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko agenteek egindako ikerketari esker lortu zuten lapurretaren ustezko egileak identifikatzea. Horietako bi atzo arratsaldeko lehenengo orduan atxilotu zituzten Sestaon, jendea bizi den etxebizitzan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Polizia-egoitzara eraman zituztenean egiaztatu zutenez, bi pertsona horiek polizia-aurrekariak dituzte antzeko delituengatik, eta joan den apirilean, Barakaldon lapurreta egin baino egun batzuk lehenago, biak Bilbon identifikatu zituzten normalean sarrailak behartzeko erabiltzen diren tresnekin, eta konfiskatu egin zizkieten.