Sestaon atxilotu dute adineko emakume bati “besarkada solidarioaren” bidez katea ebasteagatik

Ertzainek gazte bat atxilotu dute Sestaon adineko emakume bati urrezko kate bat lapurtzeagatik “besarkada solidarioaren” metodoa erabiliz.

Atzo eguerdian, Sestaoko Gran Via kalean oinez zihoan adineko emakume bati neska bat hurbildu zitzaion, eta, hitz-erdirik esan gabe, besarkatu egin zuen. Ondoren, neskak galdetu zion ea ez al zuen farmaziatik ezagutzen, eta biktimarekin hitz egiten saiatu zen.

Herritarrak babesteko lanetan ari ziren Sestaoko Ertzain-etxeko uniforme gabeko agente batzuek gertatutakoa ikusi zuten, eta susmagarria alde egitera zihoala geldiarazi zuten. Ertzainak hurbildu zirenean, bi domina zituen urrezko kate bat bota zuen lurrera, eta, egiaztatu ahal izan zutenez, adineko emakumearena zen.

Atxilotua, 19 urteko emakumezkoa, atzo arratsaldean eraman zuten epailearen aurrera.

Gomendioak “besarkada solidarioaren” aurrean

Ertzaintzatik gomendatzen dute bide publikoan ez erakusteko balio handiko bitxirik edo erlojurik. Era berean, gomendagarria da gure eremu pertsonalean sartzen diren pertsona ezezagunez ez fidatzea eta kontaktu fisikorik ez onartzea, bereziki maitekorregiak eta sutsuegiak badira.

Horrelako erasoren bat jasoz gero, edo horrelako eraso baten lekuko izanez gero, deitu berehala SOS Deiak 112ra, susmagarriaren ezaugarri fisikoei buruzko datuak ematen saiatuz.