Atzo Gasteizen izandako labankadaren ustezko bi egileak atxilotu dituzte

Ertzaintzako agenteek bi gizon atxilotu dituzte gaur goizean, atzo Gasteizko diskoteka baten inguruan arma zuriz egindako erasoaren ustezko egileak direlakoan. Biktimak zauri larriak jasan zituen eta ospitalera eraman behar izan zuten. Ertzaintzak egindako ikerketari esker, bi susmagarriak identifikatu eta atxilotu dituzte. Horietako bati homizidio-saiakera delitua egotzi diote, eta besteari lesio-delitua.

Erasoa atzo, larunbata, goizeko zazpiak eta hogeian gertatu zen, Gasteizko Koroatze auzoko diskoteka baten inguruan. Bi gizonek beste bat jo zuten, eta horietako batek arma zuri bat sartu zion sabelean, handik ihesi eginaz.

Erasoaren berri izan bezain laster, Ertzaintzako, Gasteizko Udaltzaingoko eta osasun-zerbitzuetako zenbait agente bertaratu ziren. Biktima artatu ondoren, Txagorritxuko Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzia batean, eta bertan ospitaleratu zuten.

Ertzaintzak ikerketa bati ekin zion eraso horren egileak identifikatzeko eta aurkitzeko, eta Gasteizko Udaltzaingoak lagundu du horretan. Ikerketei esker, bi susmagarriak identifikatu eta atxilotu dituzte gaur goizean Arabako hiriburuan. Atxilotuetako bat, 31 urtekoa, labankadaren ustezko egile materiala da, eta giza hilketaren saiakuntza-delitu bat egotzi diote, eta bestea, 29 urtekoa, lesio-delitu bat.

Atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko polizia-eginbideak egiteko. Amaitutakoan, epailearen esku utziko dituzte datozen orduetan.