Joan den asteburuan, futbol-partida baten ondoren, arma zuriz ustez eraso egin zuen pertsona atxilotu dute ertzainek Donostian. Beste pertsona bati eginbideak ireki dizkiote ikertu gisa, futbol-partidan gertatu ziren erasoetan parte hartzeagatik.
Joan den larunbatean, federatu gabeko bi taldek Gipuzkoako hiriburuan jokatu zuten futbol-partida bat amaitu zenean, talde galtzaileak epailearen aurka jo zuen, bultza eginez eta objektu sendoren bat jaurtiz. Tentsio handiko egoeraren ondorioz, ikusle batzuk zelaian sartu ziren erasoa gelditzeko asmoz, eta, azkenean, liskarra sortu zen bi taldeen eta zale batzuen artean.
Borrokan ari zirela, pertsona bat bizkarrean zauritu zuten arma zuri batekin, eta beste batek kolpeak jaso zituen aurpegian. Bi zaurituak osasun-zentro batera eraman behar izan zituzten.
Gertatutakoa argitzeko egindako ikerketen ondorioz, ertzainek arma zuriz egindako erasoaren ustezko egilea identifikatzea lortu zuten, eta atzo arratsaldean atxilotu zuten bere etxean. Era berean, borrokan parte hartu zuen beste pertsona bati eginbideak ireki zizkioten igandean, ikertu gisa, lesio-delitu batengatik eta liskar nahaspilatsuan parte hartzeagatik.
Atxilotua, 30 urtekoa, datozen orduotan jarriko dute agintari judizialaren eskuetan. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du borroka jendetsuan parte hartu zuten guztiak identifikatu eta horren arabera jarduteko.