Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak 28,5 milioi euro bideratu ditu 2024-2025 ikasturteko unibertsitate-beketarako

  • Eskaerak aurkezteko epea: uztailaren 18tik irailaren 16ra, biak barne
  • 2023-2024 ikasturtean 9.587 euskal ikasle izan dira Hezkuntza Sailaren unibertsitate-beken onuradun¬†

Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran onartu du, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak proposatuta, 2024-2025 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beketarako deia egiten duen agindua. Deialdi honetan, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ere jasotzen dira. Orotara, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak 28.560.000 euro bideratzen ditu unibertsitate-beketarako, aipaturiko bi laguntza-lerro horietan.

Deialdi honetara zuzendutako aurrekontua, dena den, handitu egin ahal izango da, beharrezkoa balitz. Era honetan, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek laguntza jasoko dutela, ezarritako kopuruetan, aurkeztutako eskabideen kopurua eta eskatzaile onuradunen kopurua edozein izanik ere.

2024-2025 ikasturterako deialdi honetan, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak beken izapidetzea arintzeko helburua berresten du, beka eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan erantzuna jaso dezaten (baiezkoa ala ezezkoa) eta, era horretan, ikasleek urtea amaitu baino lehen kobratu ahal izan dezaten laguntza, erantzuna baiezkoa bada. Horrela, beka jasotzeko eskubidea duten ikasleek ahalik eta lasterren izango dute eskura dagokien laguntza.

Laguntzak eskatzeko epea 2024ko uztailaren 18tik irailaren 16ra bitartean izango da zabalik. Beken ebazpena eskaeren hurrenkera jarraituz egingo da. Eskabideak ahalik eta goizen betetzea sustatu nahi da, era horretan lehenago ebatzi ahal izango baitira bekak. Izapide guztiak, eskabidea barne, elektronikoak izango dira.

1.- 2024-2025 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak: 28.460.000 euro.

Beken deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten ikasleentzat da, 2024-2025 ikasturtean Euskadin edo Estatuko gainontzeko tokietan kokatuta dagoen edozein zentrotan ondorengo ikasketak egin behar badituzte:

  • Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
  • Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
  • 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak.
  • Goi-mailako arte-ikasketak.

Beka-deialdi berri honetan, iazkoan bezala, ez dira diru-sarreratzat hartuko unibertsitate-prestakuntza duala edo lanbide heziketa duala egin izanagatik ikasleek jasotako zenbatekoak. Era berean, STEM graduetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) aurreko ikasturtean eskatutako errendimendu akademikoan hobari bat aplikatzen jarraituko da, eta ikasketa erdipresentzialak egiten dituzten ikasleek egoitzagatik beka jaso ahal izango dute, aurrez aurreko gutxieneko eskola kopuru bat badute. Deialdi berrian, gainera, egoitzari lotutako oinarrizko diru-kopurua 150 edo 200 euroan handitu da, bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta-mugen arabera.

2023-2024 ikasturte honetan, 9.587 euskal ikaslek eskuratu dute unibertsitateko beka orokorra, bere osagaietako batean edo zenbaitetan, hala nola:

  • Matrikula osagaia: matrikularen zenbatekoa 2024-2025 ikasturterako goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen prezioari dagokiona izango da.
  • Ikaskuntzari laguntzeko eta eraldaketa digitalerako zenbateko osagarria: unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten ordenagailu, liburu eta materialaren gastuak finantzatzea da osagai honen helburua.
  • Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa: osagai honen xedea da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasketekin jarraitzen laguntzea.
  • Hiriarteko joan-etorriak: osagai honen helburua da ikasleari familia-egoitzatik ikastetxerako (Euskadi barnean) garraioaren gastua finantzatzea.
  • Egoitza: ikasleek, ikasketak direla-eta, egoitzaz aldatzeko egin behar dituzten gastuak ordaintzen laguntzen duen osagaia da.
  • Probetxu akademikoa: ikasleen lana saritzen du osagai honek, baldin eta ikasleek aurreko ikasturtean gutxieneko kreditu kopuru batean matrikula egin bazuten, eta emaitza akademiko onak izan badituzte.

2.- Beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak: 100.000 euroko diru-kopurua.

Dirulaguntza hauek ematen dira mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleek euren ikasketa-zentrora iristeko garraiobide publikoak, egokituak izanik ere, ezin badituzte erabili; edo garraiobide publikoak erabili ahal izan arren, beste pertsona baten laguntza behar badute.