Espetxean sartu dute Tolosa inguruan izandako lapurreten egilea

Joan den asteartean, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, Tolosako ostalaritzako establezimendu batean lapurretan harrapatu eta ihes egiten saiatzeagatik.

Goizaldeko lauak eta hogei aldera gertatu zen Tolosako Rondilla-Belate auzoko ostalaritzako lokal batean. Alarma-zentraletik jakinarazi zioten Ertzaintzari ileorde morea zuen gizon bat sartu zela lokalean.

Bertaratu ziren Oriako Ertzain-etxeko polizia-baliabideek eraikina aztertu zuten, eta une horretan lapurra ihes egiten saiatu zen, baina harrapatu egin zuten.

Gizonari, besteak beste, Gabonetako loteriaren hogeita hamar bat dezimo, iPad batzuk, laurehun eta laurogei euro inguru, bihurkinak eta labana bat aurkitu zizkioten. Lokal barrua hankaz gora zegoen, eta langileen armairuak eta kutxa erregistratzaileak behartuta.

Antzeko egitateengatik aurrekariak dituen 30 urteko gizona, indarra erabiliz lapurreta egiteagatik atxilotu zuten, eta polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion polizia-eginbideak betetzeko. Azaldutako egitateen aurrean, agintari judizialak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen Martuteneko espetxean.