Ertzaintzako agenteek lau pertsona atxilotu zituzten atzo arratsaldean Alegian, bizilekua bortxatzea eta kalteak eragitea egotzita. Atxilotuek baserri bateko sarrerako atea bortxatu zuten, eta legez kanpo sartu ziren barrura.
Atzo, asteartea, arratsaldeko bostak eta hogei inguruan, partikular batek SOS Deiak 112ra deitu zuen, poliziaren presentzia eskatzeko, ezezagun batzuk Alegiako baserri batera legez kanpo sartu zirelako.
Bertaratu ziren polizia-patruilek deitu zuen pertsona aurkitu zuten han, eta hark jakinarazi zien barruan pertsona batzuk zeudela, etxetik atera nahi ez zutenak. Agenteek egiaztatu zuten etxebizitzako atea bortxatuta zegoela eta lau pertsona zeudela barruan, eta identifikatu egin zituzten.
Minutu batzuk geroago, baserriaren jabea bertaratu zen, eta barrualdea aztertu zuen. Zenbait objektu falta zirela ikusi zuen, eta etxeko zoruan kalteak zeundela, sarrerako atean zeudenez gain.
Horiek horrela, lau susmagarriak atxilotu egin zituzten, bi emakume eta bi gizon, bizilekua bortxatzea eta kalteak eragitea egotzita.
Atxilotuak (20, 22, 27 eta 39 urte) epailearen esku utziko dituzte polizia-eginbideak amaitzen direnean.