Categorías: albisteak-berriak

Diru-bilketa metatuak % 1,1 egin du gora Gipuzkoan azarora arte

Gipuzkoako zerga-bilketa metatuak % 1,1 egin du gora, aurreko urtekoarekin alderatuta. Guztira 5.326,9 milioi euro bildu dira azaroan, 2023ko aldi berean baino 58 milioi gehiago. Diru sarrera gordinak % 5,1 hazi dira, eta itzulketak, % 19,5. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 1,4 egin du gora, zeharkako zergenak % 0,1 egin du behera eta Estatuarekiko egokitzapenenak % 4,6 igo dira.

Azarora arte metatutako bilketan eragin positiboa izan duten faktoreen artean honako hauek daude: lan-etekinen gaineko atxikipenen diru-sarreren hazkundea, ondare-irabazien gaineko atxikipenak, kapital higikorraren etekinen gaineko atxikipenak sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala eta kudeaketa propioko BEZa. Bestalde, urrira arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da BEZaren lurraldeen arteko doikuntzen sarreren jaitsiera eta mutualisten inguruko epaien ebazpenen ondorioz PFEZren itzulketak handitzea.

Zergaz-zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 9,4 igo dira, hau da, 184,3 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren sarrerak 54,4 milioi gutxiago izan dira, eta itzulketak 218,5 milioi hazi dira. Beraz, kuota diferentzial garbia 272,8 milioi euro jaitsi da azarora arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Horrekin guztiarekin, PFEZaren bilketa likidoa % 1,7 jaitsi da, hau da, 37,4 milioi murriztu da.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 17 milioi handitu dira azarora arte. Bariazio horrek bi osagai ditu:batetik, sarrera gordinak 34,9 milioi euro igo dira eta itzulketak 17,9 milioi euro handitu dira.

Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, bilketa metatua % 2,5 jaitsi da. Hala, 33,7 milioi euro gutxiago bildu dira. Atal honetan, Gipuzkoako lurraldeko diru-sarrerak 85,3 milioi euro gehitu dira (+%5,2) eta itzulketak 46,7 milioi euro (+%6). Halaber, lurraldeen arteko doikuntzak 72,4 milioi euro jaitsi dira (-%14,8).

Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 8,2 igo da, hau da, 9,6 milioi gehiago, eta hidrokarburoen gaineko zergaren bilketa % 2,3 jaitsi da, hau da, 8 milioi gutxiago. Era berean, elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 335,7 igo da, hau da, 10,6 milioiko igoera aurreko urtearen aldean, azken arau-aldaketengatik.

Estatuarekiko doikuntzengatik metatutako bilketa 14,8 milioi handitu da BEZean, eta 8,5 milioi hobetu zerga berezietan. Puntu honetan azpimarratzekoa da inportazioen BEZagatiko doikuntza 14,3 milioi murriztu izana, barneko eragiketen BEZagatiko doikuntza 29,1 milioi igo izana, eta aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 12,8 milioi murriztu izana hidrokarburoen doikuntzagatik.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak positiboki baloratu ditu azaroan bildutako diru-kopuruari buruzko datuak, “zifra horiek bat datoz Euskal Finantza Kontseiluan aurkeztutako urte-itxierako aurreikuspenarekin. Ildo horretan, nabarmentzekoa da gure enpresa-sareak orain arte izan duen sendotasuna eta dinamismo positiboa, eta horren erakusgarri da, adibidez, sozietateen gaineko zergaren portaera ona, urtarriletik azarora % 14,1eko hazkundea izan baitu 2023ko aldi beraren aldean”.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0362 Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek Zumaiako Flyschean harrapatutako hogei txangozale baino gehiago erreskatatu dituzte

Ekaitz gogor batek harrapatu du taldea, eta harriak eta krisketak erori dira. Hori dela eta,…

4 horas hace

26_0360 Ertzaintzak prebentzio-dispositibo bana egin du bart Gasteizko bi diskotekatan

Ertzaintzak bi dispositibo egin ditu bart eta gaur goizaldean Gasteizko bi diskotekatan, arma zuriak eta…

4 horas hace

26_0361 Gizon bat atxilotu dute Gasteizen botila hautsi batekin biktima bati eraso egiteagatik

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu zuten atzo goizaldean Arabako hiriburuko Alde Zaharrean, lesio-delitu bat egotzita,…

10 horas hace

26_0359 Atxilotu bat eta ikertu bat Donostian, elkarri erasotzeagatik

Ertzaintzako agenteek pertsona bat ikertu dute eta beste bat atxilotu lesio-delitu bana egotzita. Dirudienez, lehenengoak…

10 horas hace

26_0358 Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin lankidetzan, gizon bat atxilotu du Donostian, hainbat oinezkori la ana batekin erasotzen saiatzeagatik

Ertzaintzako eta Donostiako Udaltzaingoko agenteek 64 urteko gizon bat atxilotu dute gaur eguerdian Gipuzkoako hiriburuan,…

1 día hace

26_0357 Hiru lagun atxilotu dituzte Gasteizen adingabe bati estortsioa egiteagatik

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu, heldu bat eta bi adingabe, Arabako hiriburuan, estortsio-delitu bat egotzita.…

1 día hace