Categorías: albisteak-berriak

15 startupek 22 proiektu teknologiko garatuko dituzte 21 euskal enpresa liderren eskutik

15 startupek 22 proiektu teknologiko garatuko dituzte aurten 21 euskal enpresa liderren eskutik, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen BIND ekimenaren bidez emandako bultzadari esker. Aurten, 2016az geroztik 240 startupi lagundu dien eta 310 proiektu garatu dituen programa publiko-pribatuaren bederatzigarren edizioa egingo da.

Proiektu horietan oinarrituta sortutako soluzioak uztailaren 3an aurkeztuko dira BIND Demo Day topaketan. Urteko topaketa horretan, startupen eta Euskadiko erreferentziazko enpresa handien arteko lankidetzari esker sortutako azken berrikuntza teknologikoak erakusten dira.

Aurretik, otsailaren 6an, osteguna, azelerazio-jarduerak hasiko dira, honako hauek barnean hartuta: mentoring-zerbitzuak, tailerrak, inbertitzaileekiko konexioa eta euskal industriaren ekosisteman murgiltzea.

Hautatutako startupak 80 herrialde baino gehiagotako 860 eskaera baino gehiagoren artean aukeratu dira, eta, horren bidez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak Euskadin lehen bezeroak eta adituen aholkularitza lortzeko eta inbertitzaileengana jotzeko aukera eskaintzen die.

Aurten garatuko diren proiektuak honako esparru hauetakoak dira: industria adimenduna, energia garbiak eta jasangarritasuna, osasuna eta elikadura. Hilabete hauetan, euskal enpresa liderrek startupekin lan egingo dute, etorkizunean industria efizienteagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa sortzeko helburuarekin. Azken batean, emisio gutxiagoko industria gehiago eta hobea lortzeko.

Hona hemen parte hartuko duten startupak: Bioferric, Bork, Clever Solar Devices, ComexSoft, Data-ka – Digital Experience, Greemko, InspectRail, Lowerton, Menditech, Powerfultree, Quantum Mads, Scott & Irwin, SIAPS, Twindustry eta Uniscool .

Eta hauek dira proiektuak garatuko dituzten 21 partner enpresak: Arania, Arteche, Besaide, Copreci, Danobat, Elecnor, Eroski, Erreka, Garay, CH Cranes, Iberdrola ITP Aero, Mercedes Benz, Mondragon BDC, Ormazabal, Ramondin, Serveo, Sidenor, Tubacex, Viuda de Sainz eta Talgo.

Hautatutako startupen % 35ek prozesuak optimizatzeko eta mantentzeko, kalitatea kudeatzeko eta eskaria iragartzeko adimen artifiziala erabiltzen duten proiektuak aurkeztu dituzte. Era berean, % 25ek Energy eta Clean Tech soluzioak aplikatzen dituzte euskal enpresetan ingurumen-inpaktua kudeatzeko eta jasangarritasuna hobetzeko, eta % 13k murgiltze-teknologiak erabiltzen dituzte prozesuak digitalizatzeko eta erabiltzaile-esperientziak hobetzeko.

Era berean, aurtengo edizioan azpimarratu beharra dago, alde batetik, konputazio kuantikoko teknologien erabilera industria-prozesu konplexuen ebazpenean oinarritutako proiektuetarako. Eta, bestetik, energia berriztagarriak erabiltzen dituzten proiektuak, karbono-aztarna eta energia-kostuak murrizteko.

BIND -i buruz

BIND industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataforma publiko-pribatu bat da, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen eta Euskadiko ekintzailetzaren ekosistemako UpEuskadi plataformaren bitartez sortua. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten sektoreko 100 ETE, sozietate publiko eta erreferentziazko enpresa nagusirekin baino gehiagorekin lankidetzan dihardu. Ekimena helburu hirukoitzarekin sortu zen: euskal industria-ekosisteman startupen garapena bizkortzea, enpresen eraldaketa digitala sustatzea, eta Euskadiko ekosistema industria-ekintzailetza aurreratuko hub gisa kokatzea. 2016. urteaz geroztik, BIND plataformak 3 programa eta ekimen ditu, eta, haien bidez, 210 startup baino gehiago bultzatu eta 310 proiektu baino gehiago garatu dira. Informazio gehiago 

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Gizon bat atxilotu dute Portugaleteko saltoki batean indarra erabiliz egindako lapurreta batean parte hartzeagatik

25_0397 Gizon bat atxilotu dute Portugaleteko saltoki batean indarra erabiliz egindako lapurreta batean parte hartzeagatik…

1 día hace

Bi pertsona ikertu dituzte Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoko ondare historikoaren aurkako ustezko espoliazio-delituagatik

Ertzaintzaren Ingurumenaren aurkako Delituen eta Hirigintzaren Atal Nagusiak Iruña Okako (Araba) Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoko ondare…

1 día hace

Lezo, motorzale bat hil da zirkulazio istripuan

25_0395 Lezo, motorzale bat hil da zirkulazio istripuan Lezo, motorzale bat hil da zirkulazio istripuan…

1 día hace

Barakaldo, droga-trafikoagatik lokal bateko arduraduna ikertu dute

Ertzaintzak atzo, osteguna, arratsaldean egindako ikerketa baten ondorioz, Barakaldoko Cannábica elkarte batek erabiltzen duen lokal…

2 días hace

Ertzaintzak «Mendeku» operatiboa amaitu du

Ertzaintzak amaitutzat eman du "Mendeku" izeneko operatiboa, Polizia Nazionalarekin batera garatu duena, erakunde kriminalak atzemandako…

2 días hace

Gizon bat atxilotu dute Zallako tailer batean lapurtzen saiatu ondoren

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, beste bi gizonekin batera Zallako tailer batean…

2 días hace