25_0173 Ertzaintzaren aholkuak pertsonen desagerpenen aurrean

Martxoak 9, ageriko arrazoirik gabe desagertutako pertsonen eguna
Ertzaintzaren aholkuak pertsonen desagerpenen aurrean
Servicio de prensa
2025-03-09
Salaketa jartzeko 24 ordu ez itxarotea, Ertzain-etxe batean aurrez aurre edo 112ren bidez salatzea, salaketa edozein pertsonak jar dezakeela argi izatea eta desagertutako pertsonaren argazki bat eta datuak ematea funtsezkoak dira Ertzaintzak jardun ahal izateko eta kasu gehien-gehienak argitzea lortzeko.
Urtean Ertzaintzak pertsonen desagerpenen 5.500 jakinarazpen inguru jasotzen ditu, eta 1.500 salaketa inguru jartzen dira. Horietatik % 97,5 inguru argitzea lortzen da.
Hori dela eta, Ertzaintzak aholku batzuk ematen dizkie herritarrei, pertsona bat desagertu dela jakinez gero nola jokatu jakin dezaten.
- Desagerpenaren berri eman aurretik, lasai egon eta gutxieneko egiaztapen batzuk egin. Haurren eta adinekoen kasuan, etxean edo pertsona horrek egon behar zuen lekuan hasi bere bila. Horrela, jakin daiteke pertsona hori ez dagoela ezkutatuta eta ez dagoela ezindua, esate baterako, erori egin delako, zaurituta dagoelako edo beste arrazoiren batengatik. Telefonoz deitu desagertuta dagoen pertsonari, bere adiskideei edo berarekin egon ahal izan diren pertsonei, gurasoei, eta abarri.
- Absentzia ez badator bat pertsonaren ohiko portaerarekin, adierazitako frogaketak egin ondoren emaitza negatiboa bada eta egoerak estuasuna eragiten badigu, haren desagerpena Ertzaintzaren aurrean salatzeko unea da, argazki bat eta desagertutako pertsonari buruz eskatutako datuak emanez. Desagerpenaren berri izan eta ahalik eta azkarren jarri behar da salaketa; izan ere, horrek aukera emango du pertsona hori aurkitzeko polizia-jarduketak eta bestelako jarduerak lehenbailehen hasteko.
- Ez dago 24 ordu itxaron beharrik salaketa jartzeko. Ez dago salaketa jarri ahal izateko gutxieneko eperik. Bakoitzak agertzen ez den pertsonaren portaeran ezohikoa denari buruzko bere pertzepzioa du, eta bere ohiturak, errutinak, lagunak, eta abar ezagutzen ditu, eta kasu bakoitzari, beraz, pertzepzio horiek kontuan hartuta heldu behar zaio.
- Horregatik, pertsona bat desagertu bada, jar zaitez gurekin harremanetan, edozein Ertzain-etxetara hurbilduz edo larrialdietako 112 zenbakira deituz.
- Desagertuta zegoen pertsona hori agertzen bada, horren berri Ertzaintzari eman behar zaio, bilaketa amaitutzat eman dezan eta gainerako polizia-kidegoei eman ahal izan dizkien abisuak bertan behera utz ditzan.