Categorías: albisteak-berriak

Eusko Jaurlaritzak eta Finantza Entitateek antolatutako ETEKIN Ekonomia Topaketak bueltan dira

2024ean Eusko Jaurlaritzak eta Finantza Entitateek ETEKIN Ekonomia Topaketen zikloa jarri zuten abian. Topaketa hauen bidez, ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatu eta harremanetarako bilgune bat sortzeko helburua bilatu nahi izan zen. Ekimen honek Jaurlaritza eta finantza entitateek euskara biziberritzeko sinatutako hitzarmenean du jatorria.

Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuordeak, adierazi duenez, “euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzea ezinbestekoa izango da”: “Topaketa hauen helburua gaur egungo ekonomia eta finantza gaiak euskaraz jorratzea da, lan arloan eta sektore teknikoagoetan ere, euskaraz normaltasunez lan egin daitekeela ikustarazteko eta, gainera, enpresetan eta erakundeetan langileek horren aldeko hautua egitea sustatzeko. Horretaz gain, topaketetan parte hartzen zuten entitate eta eragileen arteko harremanak eta sareak sendotzea ere nahi genuen, euskara ardatz. Bertaratutako sektoreko profesionalek balorazio ona egin zuten lehen zikloko formatuaren eta landutako gaien inguruan eta, beraz, aurten ere beste ziklo bat antolatuko dugu, egitasmoari jarraipena emateko”.

Zentzu honetan, finantza entitateekin ziklo hauek antolatzeko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Bengoetxeak: “Finantza entitateen konpromisoa balorean jarri nahi dut egitasmo honen antolakuntzan. Beraien jardunean, ekonomia eta finantza gaiak euskaraz normaltasunez lantzeko hautua egin dute, bai barrura begira eta baita kanpora ere. Lankidetza da egitasmo honen oinarria, sareak sendotzeko eta euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitzeko, baita lehiakideen artean ere”.

Lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, proiektuari jarraipena eman nahi izan zaio eta Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Ekonomisten Euskal Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Kutxabankek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak elkarlanean antolatu dute ETEKIN topaketen bigarren edizioa. Aurten ere, zikloak hiru hiriburuak bisitatuko ditu: Donostia, martxoaren 26an; Gasteiz, ekainaren 18an; eta Bilbo urriaren 22an (hiru kasuetan goizeko 9etatik 10:30ak arte). Saio bakoitzean, ekonomia eta finantzekin zerikusia duen gaurkotasunezko gaiak jorratuko dira sektoreko adituekin.

Lehenengo saioa, Talentua Erakartzeko Gakoak

Donostiako Aquariumean izango da urteko lehenengo topaketa martxoaren 26an. Andrés Arizkorretak (CAF), Lander Belokik (Mondragon Unibertsitatea) eta Ane Insaustik (Gipuzkoako Foru Aldundia) hartuko dute parte solasaldian. Talentua erakartzeko gakoak izango dira hizketagai eta lau arlo jorratuko dira: talentua erakartzeko beharra; atzerriko ereduen azterketa; EAEn dauden programa eta baliabideen azalpena, eta atzerritarrak prestatzeko bultzatzen diren ekimenak.

Hizlariek gaiaren inguruko hiru ikuspegi eskainiko dituzte. Andrés Arizkorretak enpresa perspektiba eskainiko du, eta talentuaren inguruko enpresen beharrez eta Europako beste herrialdeetan martxan dauden esperientziez eta programez jardungo da; Lander Belokik unibertsitatearen ikuspegitik hartuko du parte solasaldian eta, besteak beste, Mondragon Unibertsitatea formakuntza arloan zer egiten ari den azalduko du; Ane Insaustik, azkenik, erakunde publikoen ikuspegia eskainiko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak talentua erakartzeko zer nolako programak abian dituen azalduko du, bai enpresa eta bai hezkuntza arlora bideratutakoak.

Solasaldiak mahai inguru formatua izango du, ekonomia eta finantza arloan talentuaren aferari buruzko hausnarketa ikuspegi ezberdinetatik sustatzeko helburuarekin. Saioa euskaraz izango da, baina aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egongo da. Izena emateko epea zabalik dago eta etekintopaketak.eus webgunearen bidez har daiteke parte.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Larrialdi zerbitzuek Oñatiko Usako ibaian itotako gazte baten gorpua berreskuratu dute

25_0344 Larrialdi zerbitzuek Oñatiko Usako ibaian itotako gazte baten gorpua berreskuratu dute Larrialdi zerbitzuek Oñatiko…

4 horas hace

Bilbo, pertsona bat atxilotu dute abandonatutako industria-nabe batean sutea eragiteagatik

Ertzaintzako agenteek 33 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, larunbata, gaueko azken orduan, Bilbon, erabiltzen…

13 horas hace

Gizon baten heriotza bortitzagatik atxilotu dute Barakaldon

25_0342 Gizon baten heriotza bortitzagatik atxilotu dute Barakaldon Gizon baten heriotza bortitzagatik atxilotu dute Barakaldon…

13 horas hace

Irun, pertsona bat atxilotu dute Ertzaintzaren patruila bati droga eskaintzeagatik

25_0341 Irun, pertsona bat atxilotu dute Ertzaintzaren patruila bati droga eskaintzeagatik Irun, pertsona bat atxilotu…

13 horas hace

Eusko Jaurlaritzak bat egin du Zarauzko Udalak antolatu duen eta prebentzioa eta lehen sorospenak uztartzen dituen “Guztion eskuetan” kanpainarekin

25_0340 Eusko Jaurlaritzak bat egin du Zarauzko Udalak antolatu duen eta prebentzioa eta lehen sorospenak…

1 día hace

Donostia, atxilotu bat enpresa batean lapurtzen saiatzeagatik

Ertzaintzako agenteek 21 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo, ostirala, goizean goiz Donostian, enpresa batean…

2 días hace