Ertzaintzako agenteek, udaltzaingoekin lankidetzan, 44 eta 20 urteko bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean Ermuan eta Eibarren, bi merkataritza-establezimendutan ustez indarra erabiliz lapurtzeagatik.
Lehenengo delitua Ermuan izan da, 03:40ak aldera. Udaltzaingoari jakinarazi diote gizon batek denda bateko kristalezko atea harri batekin apurtu duela. Antza denez, lapurrak hainbat gauza lapurtu zituen barrutik.
Udaltzainek eta Ertzaintzak gertatutakoa egiaztatu dute eta lapurretan inplikatua aurkitzeko bilaketa bat egin dute. Udaltzainek inguruan aurkitu dute susmagarria, ondarearen aurkako delituekin lotutako ekintzengatik ezaguna den gizon bat. Ertzaintzaren patruila batek atxilotu eta ertzain-etxera eraman du.
Eibarren, Udaltzaingoak, prebentzio-lanetan, gizon bat aurkitu du 04:00etan, gauzaren bat botatzen ari zela landaretzaren artean, hiriguneko eskailera batzuen ondoan. Kutxa itxi bat zen, hainbat txanpon ontzi edo pakete eta zaintza-kamera bat zituena.
Ertzainek eta udaltzainek egiaztatu dute diru eta material hori merkataritza-establezimendu batetik zetorrela, eta sarrerako ateak bortxatze-zantzuak zituela. Hori dela eta, delitu-aurrekariak dituen gaztea atxilotu dute.
Bi atxilotuak Durangoko eta Eibarko epaitegien esku utzi dituzte, hurrenez hurren.