Ertzaintzak Santurtzin adingabeei labanaz egindako hiru lapurretaren egilea atxilotu du

Ertzaintzako agenteek gazte bat atxilotu dute Santurtzin labanaz egindako hiru lapurretaren ustezko egilea izateagatik. Delitu horiek martxoan eta apirilean izan ziren, eta, kasu guztietan, biktimak adingabeak ziren.

Salaketetan azaltzen denez, atxilotuaren modus operandi-a biktimak, adingabeak, bide publikoan heltzea zen, eta beti zeraman txamarraren txanoa edo jertsea jantzita eta aurpegia lepoko braga batekin partzialki estalita. Ondoren, labana handi bat erabiltzen zuen, eta telefono mugikorra emateko eskatzen zien. Telefono mugikorrak gama altuko terminalak ziren ia kasu guztietan, eta, gainera, aparatuaren pasahitza eskatzen zien. Behin, patinete elektrikoa ere lapurtu zion eraso egin zion mutilari.

Muskizko ertzain-etxean egindako ikerketei esker, delitu horien ustezko egilea identifikatu dute, eta atzo atxilotu zuten, Santurtzin.

Atxilotua, 18 urtekoa eta ondarearen aurkako delituengatik aurrekariak dituena, epailearen esku utziko dute polizia-eginbideak amaitutakoan.