Gizon bat atxilotu dute N-622 errepidean, Gasteizen, kontrako noranzkoan gidatzeagatik

Ertzaintzako agenteek gidari bat atxilotu zuten atzo, astelehena, goizaldean, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita, Altubeko autobidean kontrako norabidean gidatzeagatik. Gainera, positibo eman zuen alkohol- eta droga-testetan. Kokaina zuten poltsatxo batzuk ere atzeman zizkioten, eta droga-trafikoko delitu bat egotzi zioten.

Atzo, astelehena, goizaldeko hirurak hogei gutxi aldera, N-622 errepidean, Gasteizko udalerrian, Altuberako noranzkoan zihoan Ertzaintzaren patruila batek kamioi bat ikusi zuen, aurretik zihoala, kontrako noranzkoan eta argiak itzalita zeramatzan auto bat saihesteko maniobra egiten.

Poliziak argi-seinaleak aktibatu zituen autoak martxa geldi zezan, eta, ibilgailua egoera seguruan zegoela, bidaiariak identifikatu zituzten. Gidariak alkoholaren eraginpean egotearen sintoma nabarmenak zituen, eta egoera hori berretsi egin zen alkoholemia-proban positibo eman ondoren. Halaber, positibo eman zuen droga-testean. Horiek horrela, agenteek atxilotu egin zuten, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita.

Bestalde, atxilotuari droga zuten poltsatxo batzuk atzeman zizkioten, ustez kokaina zutenak. Hori dela eta, eginbideak ireki zizkioten, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita.

44 urteko atxilotuak polizia-aurrekariak ditu, eta epailearen aurrean agertu beharko du laster.