Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 34,1 milioi euro jarriko ditu Toki Inbertsioen Planean aurreikusitako 56 jarduketen % 80 finantzatzeko, Nafarroan goi-mailako ur-hornidurari eta hiri-hondakinen tratamenduari dagokien zatian. Jarduketa proposamen hori Toki Araubideko Foru Batzordeak baloratuko du, ebazpen bidez onartu aurretik.
Lurralde Kohesioko kontseilari Óscar Chivitek; Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusi Jesús María Rodríguezek eta Montejurrako Mankomunitateko presidente Susana Castanedak parte hartu dute gaur Lizarran, 2026-2028 bitartean gauzatuko den inbertsio-plan honen proposamenaren aurkezpenean.
Hala, Chivite kontseilariak berretsi duenez, aurreko legealdian abian jarritako tokiko finantzazio berria “inbertsioei jarraipena ematea ahalbidetzen ari zaigu, hiru urteko plangintzaldiekin”. Horrela, “Toki Inbertsioen Plana finkatzen dugu, administrazioen arteko lankidetzarako tresnarik seguruena den aldetik”.
Chivitek “lurralde kohesio hobea ekarriko duen tokiko autonomia sustatzeko” beharra defendatu du. Elkargobernantza partekatuak, “udal-ikuspegia duen gobernantzak, tokiko erakunde bakoitzaren proiektu zehatzei zuzenean erantzuten dienak, landa-eremuak bizitzeko lurralde atsegin bihurtzen dituzte”, esanez amaitu du.
Kontseilariak Nafarroako gobernuaren ekintza baloratu du, PILak toki entitateei “segurtasuna, jarraitutasuna eta ziurtasunak” ematen dizkien unetik. Inbertsio Planaren kasu zehatzean, gainera, “ura bezalako funtsezko eta ezinbesteko baliabide baten tratamendua eta kalitatea bermatuko da, baita ingurumenarekiko errespetua ere, hondakinen tratamendu egokiarekin”.
Bestalde, Montejurrako Mankomunitateko presidenteak PIL funtsek Nafarroako mankomunitateentzat eta toki entitateentzat duten garrantzia azpimarratu du: “Bestela zailagoa izango liratekeen lanak planifikatu eta egitea ahalbidetzen digute”. Hala, Nafarroako Gobernuak “herritarren bizitza hobetzeko egindako ahalegina” goraipatu du, “non bizi ote den kontuan hartu gabe”.
Xehetasunak
Lizarran gaur aurkeztu den Inbertsio Planaren proposamenak 30,8 milioi euro izango ditu erabilgarri dauden ur-biltegiak handitu eta egokitzeko, hornidura-hodiak berritzeko, ur-biltegi berriak eraikitzeko, zerbitzuan dauden deposituak iragazgaizteko edo ikatz aktiboko instalazioak martxan jartzeko, Nafarroako etxeetara iristen den uraren kalitatea hobetzeko.
Bitartean, hiri-hondakinak tratatzeko epigrafearen eraginpean sartutako jarduerek 3 milioi euro izango dituzte erabilgarri, eta horiei esker isurketa-ontzi berria egin ahal izango da El Culebrete hondakinak tratatzeko zentroan.
Nafarroa osoan
Inbertsio proposamenean 4,5 milioi euro inguruko jarduketak aurreikusten dira Lizarraldean, Montejurrako Mankomunitatea osatzen duten udalerri guztietan uraren kalitatea hobetzeko. Itxakon, Etxabarrin, Edateko Ura Tratatzeko Estazioa (EUTE) berri baterako aurreikusitako lau milioi euroak nabarmentzen dira. Horrez gainera, 400.000 euroko inbertsioa aurreikusten da Mendazan ura hartzeko hirugarren putzu baterako.
Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak, PILaren inbertsioek toki entitateei dakarkien balioa nabarmentzeaz gain, aurreikusitako jarduketen zertzeladak eman ditu, eta nabarmendu du Nafarroako Erriberan, goi-hornidurako inbertsioen bolumen handiena duen eremuan 12,4 milioi euroko jarduketak aurreikusten direla, eta horietatik hamar milioi inguru PILaren funtsetatik etorriko direla.
Baztan-Bidasoa inguruan, aurreikusitako inbertsioak 1,8 milioi eurotik gorakoak izango dira, eta horietatik 1,4 PILak jarriko ditu; Iruñerrian, 3,8 milioi eurokoa izango da aurreikusitako inbertsioa, hiru milioi baino gehiago PILaren kargura; Larraun-Leitzaldea-Sakanan 2,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da, eta horietatik 1,8 milioi euro Nafarroako Gobernuak jarriko ditu; Pirinioetan eta Aurrepirineoetan 1,5 milioi inbertituko dira, eta horietatik 1,2 PILetik etorriko dira; Izarbeibarren, PILak 1,6 milioi euroko inbertsioa egingo du; Mairagan eta Zangozan, berriz, 3,2 milioi eurotik gorako jarduerak egingo dira, PILak 2,5 millioi bideratuko baititu.
“Uraren gobernua”
Kalitatezko urarekiko konpromisoan eta kantitatean, Nafarroako Ubidearen Bigarren Fasearekin lotuta dauden eta proposatutako jarduketa guztiak nabarmentzen dira, bere lizitaziorako azken urrats administratiboak ematen ari diren honetan. Bederatzi proiektu egin ondoren, Itoizko urtegiko ura zuzenean Nafarroako Erriberan bizi diren 80.000 pertsona baino gehiagorengana iristea erraztuko dute.
Gainera, kontseilariak berak baieztatu du aurrera egiten ari dela hiri-erabilerako Uraren 2019-2030 Ziklo integralaren Plan Zuzentzailearen berrikuspenean, hurrengo seiurtekorako aurreikusitako helburuen eta jardueren betetze-maila ebaluatzeko. Gainera, Europako,, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako arau-esparru berriak txertatuko dira, eta klima-aldaketak markatutako testuinguruan erronka eta aukera nagusiak identifikatuko dira. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, parte hartzeko webgunearen bidez edo datorren astean Lizarran, Iruñean eta Martzillan egingo diren hiru bilkuretan.
Administrazio-urratsak
Jarduketen proposamena Toki Araubideko Foru Batzordera eramango da, eta batzorde horrek txosten bat egingo du. Proposamen hori Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak onartu beharko du ebazpen bidez, behin-behinean sartu beharreko lehentasunezko inbertsioen zerrenda batekin eta erreserban egindako inbertsioen zerrenda batekin amaitzeko. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira jendaurrean jartzeko eta alegazioak aurkezteko 20 egun naturaleko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Maiatzaren 14ra arte izena eman daiteke ahobizi edo belarriprest izateko. Izena emanez gero, txapa jaso…
Agenteek egiaztatu zuten ibilgailuak ez zuela asegururik eta IATrik, gidariak epailearen erabakiz gidabaimena kenduta zuela…
Nafarroako Gobernuak Kanpo Ekintzarako II. Plana (2024-2028) onartu du gaurko bilkuran. Horren helburua Nafarroak nazioartean…
Nafarroako Gobernuak foru dekretu bat sustatu du etorkizuneko hauteskunde prozesuen antolaketaren aurrean esparru juridiko egonkor,…
Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 160.000…
Nafarroako Gobernuak gaurko Gobernu bilkuran onartu du Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloan ezohiko…