Ertzainek hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikako enpresa batean lapurreta egitea leporatuta. Atxilotuek 4.500 euro inguruko balioa zuten kobre-barrak lapurtu zituzten.
Atzo, asteazkena, eguerdiko hamabi eta erdiak aldera, hiru pertsona Gernikako enpresa batean sartu ziren, eta goi-tentsioko transformadoreetarako kobre-barrak lapurtu eta furgoneta batean sartu zituzten.
Langile bat lapurretaz ohartu zenean, lapurrek ibilgailuan ihes egitea eragozten saiatu zen orga jasotzaile bat aurrean gurutzatuta, baina, hala ere, susmagarriek ihes egitea lortu zuten. Ondoren, enpresatik SOS Deiak 112ra deitu eta gertatutakoaren berri eman zuten.
Arratsaldeko ordu bata baino lehentxeago, Ertzaintzaren patruila batek Mungia inguruan geldiarazi zituen ustezko lapurrak. Furgoneta barruan lapurtutako materiala, 4.500 euro inguruko balioa zuena, aurkitu zuten, eta ibilgailuan zihoazen hiru pertsonak atxilotu zituzten, beraz.
Atxilotuak 29 urteko bi gizon heldu eta adingabe bat dira. Ertzaintzaren datu-basean egiaztatu ahal izan denez, adinez nagusi diren bi gizonek polizia-aurrekari ugari dituzte, batez ere ondarearen aurkako delituengatik.
Beharrezko polizia-eginbideak bete ondoren, adingabea aske utzi zuten, eta beste bi gizonak gaur egunean zehar jarriko dituzte epailearen eskuetan.