Donostiako Udalak bat egin du Bidezko Merkataritzaren Munduko Egunarekin

Jarduera-programa zabal bat antolatu da maiatzaren 10ean

Bidezko Merkataritzako produktu bat dago eguneko une bakoitzerako‘ goi burupean, Donostia Bidezko Merkataritzaren Munduko Egunarekin bat egingo du maiatzaren 10ean, Donostiako Bidezko Merkataritzako taldeak (Adsis Fundazioa, Proclade-Yanapay, Oxfam Intermón, Proyde-Proega, Setem eta Alboan) eta Donostiako Udalak lankidetzan antolatu duten jarduera-programa batekin.

Jardunaldi honen bidez, erakundeek salatu nahi dute eguneroko produktuen, hala nola arropa, kafea edo norberaren zaintzarako artikuluen atzean, maiz lan-baldintza prekarioak, prezio bidegabeak, haurren esplotazioa eta ingurumenaren degradazioa ezkutatzen direla. Horren aurrean, kontsumitzaileei gogorarazi nahi diete Bidezko Merkataritzako produktuek giza eskubideak eta lan-eskubide duinak bermatzen dituztela, eta ingurumenarekiko errespetuz ekoizten direla.

‘Horrelako ekimenek, herritarrak sentsibilizatzeaz gain, alternatiba errealak eskaintzen dituzte kontsumo-eredu bidezkoago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko. Bidezko Merkataritzaren alde egitea lan-eskubideak, ingurumena eta pertsonak erdigunean jarriko dituen ekonomia globala defendatzea da. Sustatzen ditugun balioekin koherenteagoa den hiria eraikitzeko modu zehatz eta eguneroko bat da‘, adierazi du Iñigo Garcia Ingurumen, Inklusio eta Aniztasun zinegotziak.

Maiatzak 10

Maiatzaren 10ean, 10:30etik 14:00etar,a Gipuzkoa Plazan izango da ospakizuna, non Bidezko Merkataritzako produktuak erosi ahal izango diren, hala nola elikadura, arropa eta kosmetika, pertsonekiko eta planetarekiko errespetuz egindakoak. Gainera, dastatze postu bat, txikienentzako txotxongilo tailer bat eta clown bat egongo dira, kontsumo arduratsuari eta larrialdi klimatikoari buruzko mezuak zabalduz goiza animatzeko.

‘Zentzumenen espazioa’ ere bertan izango da: gure eguneroko hautuak ingurumenaren zaintzarekin lotzen duen zentzumen-bidaia nola bihur daitezkeen ezagutzeko txoko bat, Bidezko Merkataritzako lau produktu enblematikoren bidez.

Aurtengo berrikuntza gisa, Donostiako Bidezko Merkataritza Taldea Saretuz, Egoaizia eta Paz y Solidaridad erakundeekin elkarlanean arituko da, alternatiba jasangarriak ikusarazteko indarrak batuz. Gainera, errealitate birtualeko joko bat egongo da, produktu baten prozesua jatorritik gure mahairaino zeharkatzeko aukera emango duena, eta hiriko kontsumo arduratsuko eta bidezko merkataritzako denden mapa bat aurkeztuko da, besteak beste, gogoeta egitera eta jardutera gonbidatzen duten proposamenen artean. Hori guztia, eguneko une bakoitzerako Bidezko Merkataritzako produktu bat dagoela eta gure eguneroko erabakiek mundua eralda dezaketela gogorarazten duen jardunaldi batean.

Ekitaldien agenda osoa www.comerciojustodonostia.org webgunean kontsulta daiteke.

Hausnarketarako jardunaldia

Herritar guztiak gonbidatzen ditugu gure kontsumo-erabakiek duten eraginari buruz hausnartzera. Modu etikoan egindako produktuak aukeratzen ditugun bakoitzean, krisi klimatikoa geldiarazten eta desberdintasun globalari aurre egiten laguntzen ari gara. Bidezko Merkataritza alternatiba erreal eta eraginkorra da, eta jardunaldi honetan, elkarrekin, ahotsa eta ikusgarritasuna emango zaio‘, gaineratu du Garciak.

Erlazionatutako dokumentuak

2025/05/08-an argitaratua