Sei pertsona atxilotu dituzte eta bat ikertu Getxon droga-trafikoaren aurkako operazio batean

Azken hilabeteotan, Ertzaintzak, Getxoko eta Leioako udaltzaingoen laguntzaz, operatibo bat gauzatu du Getxon droga-trafikoan ziharduen talde kriminal bat desegiteko, eta atzo, osteguna, sei pertsona atxilotu zituen eta beste bat inputatu zuen. Ertzaintzak bi etxebizitzatan eta ostalaritza-establezimendu batean sartu eta miaketa egin du, eta substantzia sorgorgarrien hainbat dosi, eskudirua, doitasun-balantzak eta dosiak prestatzeko plastikozko poltsak konfiskatu ditu, beste hainbat gauzarekin batera.

Getxoko Ertzain-etxeko drogen arloko taldeak aurtengo otsailean jakin zuen Getxoko Romo auzoko ostalaritza-establezimendu batean substantzia sorgorgarriak saltzen ari zirela.

 Informazio horietan oinarrituta hasitako ikerketei esker jakin ahal izan zuen ostalaritza-establezimendu horren arduradunak eta bertan lan egiten zutenak, horietako batzuek antzeko egitateengatik aurrekariak zituztenak, inguruko etxebizitza batean ere ibiltzen zirela.

 Hilabete hauetan egindako zaintza-lanen bidez, jakin zuten etxebizitzan jendea sartzen zela eta, minutu gutxiren buruan, irteten zela, eta barruan substantzia sorgorgarrien transakzioak egiten zituztela, bai kontsumorako bai gero hirugarren pertsonei saltzeko, eta, gainera, etxebizitza hori droga gordetzeko eta hornitzeko puntu gisa ere erabiltzen zela, droga hori ondoren ostalaritza-establezimenduan saltzeko. Establezimendu horretan ere etxebizitzan detektatutakoen moduko sartu-irtenak atzeman zituzten.

 Egitate horiek guztiak egiaztatu zituzten etxebizitzatik eta ostalaritza-establezimendutik irteten ziren pertsonei miaketak eginez eta haxixa eta kokaina konfiskatuz, leku horietan substantzia sorgorgarriak erosi zituztela aitortu ondoren.

 Horrela, atzo, osteguna, ostalaritza-establezimenduan eta aipatutako etxebizitzan, bai eta Leioako beste etxebizitza batean ere, sartu eta miaketa egin zuten, eta kokaina-, haxix- eta marihuana-dosiak, eskudirua, doitasun-balantzak eta dosiak prestatzeko plastikozko poltsak konfiskatu zituzten, beste hainbat gauzaz gainera.