Ertzaintzak, Ikerketa Kriminal eta Polizia Judizialeko Atalaren bidez (SICPJ), 38 urteko enpresaburu bat atxilotu du, lan-esplotaziorako xedez egindako gizakien salerosketa-delitu baten ustezko egilea delakoan, hainbat atzerritar esplotatzeko baldintza gogorrak agerian utzi zituen salaketa baten ondorioz.
Ikerketa 2025eko urtarrilean hasi zen, gizarte-zerbitzuen alerta baten ondoren. Pertsona bat etsi-etsian joan zen laguntza eskatzera; izan ere, nahiz eta egunean 10 ordu baino gehiago lan egin, asteburuak barne, ez zuen nahikoa baliabiderik, ezta jateko ere. Espainian erregularizatzeko promesa faltsuak egin zizkiotela salatu zuen biktimak, eta hilean 4.000 eurorainoko soldatak zituztela etxeetan eta enpresetan zuntz optikoa instalatzeagatik.
Ertzaintzak ikertutako nagusia, aurrekari penalik ez zuen Logroñoko enpresaburu bat, bi enpresaren administratzaile bakarra zen. Enpresa horien bidez, langileak erakartzen zituen, bai Espainian, bai atzerrian. Telekomunikazio-operadoreentzat lan egiten zuten enpresa instalatzaileek azpikontratatzen zituzten konpainiak.
Poliziaren ikerketek baieztatu dutenez, egoera administratibo irregularrean zeuden biktimei ez zieten alta ematen Gizarte Segurantzan, eta faltsututako txartelak ematen zizkieten afiliatu gisa agertzen ziren pertsonen izenean. Horri esker, legezko alta bakarra zuten hainbat pertsona aldi berean enplegatzen zituen enpresaburuak. Ustez, instalazio bakoitzak sortutako zenbatekoaren % 75ekin geratzen zen enpresaburua. Gainerako % 25etik, gasolinagatiko, ostatuagatiko, ustezko zorrengatiko eta paperik gabe lan egiteagatiko gastuak ( % 8) deskontatzen zizkien langileei, eta egoera ekonomiko oso ahulean uzten zituen.
Bi atxiloketa Idiazabalen eta Logroñon
Lehen salaketarekin bat egin dute beste lauk, eta aurreikuspenen arabera, biktima kopuruak gora egingo du ikertua atxilotu ondoren, maiatzaren 8an Idiazabalen (Gipuzkoa).
Lehen atxiloketaren ondoren, Durangoko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak Miranda de Ebroko eta Logroñoko sarrerak eta miaketak baimendu zituen, eta, Polizia Nazionalaren laguntzarekin, 32 urteko emakume bat ere atxilotu zuten.
Ikertu nagusia epailearen esku utzi dute. Lan-esplotaziorako xedez egindako gizakien salerosketaren delituaz gain, langileen eskubideen aurkako delituak, pertsonen legez kanpoko trafikoa, dokumentuak faltsutzea eta lotutako beste delitu batzuk egozten zaizkio.
Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago egitea, ezta beste autonomia-erkidego batzuetan biktima gehiago aurkitzea ere. Ziur aski, pertsona batzuk oraindik salatzeko beldur dira, errepresalien beldur direlako.