Ertzaintzako agenteek 29 eta 25 urteko bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean Lemoan, bertako Kultur Etxean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Bi akusatuak Elizondo auzoaren inguruan identifikatu dituzte, eta aurkitu dieten motxila batean lapurtutako ordenagailu eramangarri bat zeramaten. Horrez gainera, bi kanpin-denda eta bozgorailu eramangarri bat ere atzeman dizkiete, horiek ere udal-jabetzako lokaletik lapurtutakoak.
Gaur, asteartea, goizaldeko ordu biak baino minutu batzuk lehenago gertatu da Bizkaiko Lemoa herrian.
Ordu horretan, Ertzaintzari eskatu diote Lemoako Elizondo auzora agertzeko, eliza inguruan gazte talde bat baitzegoen musika ozen jarrita, oihuka eta bizilagunak molestatzen.
Herritarren segurtasunerako lanetan ari ziren Durangoko Ertzain-etxeko hainbat patruila berehala bertaratu dira. Agenteek musika nahiko ozen jarrita zeukaten hainbat gazte identifikatu dituzte inguruan.
Azaleko miaketa egin dietenean, Elizondo auzoaren inguruan dagoen Kultur Etxekoa izan zitekeen materiala aurkitu diete bi gazteri. Bi gazte horiek zeramaten motxila batean ordenagailu eramangarri bat eta telefono mugikor bat zeuden.
Agenteek egiaztatu dute ordenagailuan “kulturgune” izena jartzen zuela, eta susmatu dute objektuen jatorria legez kanpokoa izan zitekeela, ez baitzen pertsona horiek aurretik adierazitakoa. Bestalde, agenteek ikusi dute gazteak musika entzuteko erabiltzen ari ziren gailua bozgorailu eramangarri bat zela, eta, horrez gainera, bi kanpin-denda ere aurkitu dituzte.
Jarraian, agenteak handik hurbil dagoen Kultur Etxean sartu dira, eta batientean irekita zegoen leiho bateko erlaitzean, identifikatu dituzten gazteek zeramatzaten oinetakoekin bat zetozen lokatz arrastoak ikusi dituzte.
Kultur Etxean sartu ondoren, ertzainek ikusi dute bertako armairuetako batean bi susmagarriei aurkitu dizkieten kanpin-denden ezaugarri bereko hainbat kanpin-denda zeudela. Era berean, agenteek bozgorailu baten kaxa hutsik aurkitu dute, eta identifikatutako gazteei aurkitu dieten bozgorailuaren modelo bera zela egiaztatu dute.
Ebidentzia horiek guztiak kontuan hartuta, Ertzaintzak 29 eta 25 urteko bi gizonak atxilotu ditu, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.
Atxilotuak polizia-egoitzara eraman dituzte beharrezko izapideak egitera, gero epailearen aurrera eramateko.