Categorías: albisteak-berriak

Nafarroako Gobernuak LGTBI+ kolektiboaren aurkako gorroto-delituak eta diskriminazioa detektatzeko eta geldiarazteko konpromisoa indartu du

Maiatzaren 17an, larunbata, ospatuko den LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu du kolektibo horren eskubide-berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko asmoa berresteko eta sexu-orientazio eta -identitateagatik eta genero-adierazpenagatik kideek jasaten dituzten gorroto-delituak eta diskriminazio-egoerak detektatzeko eta geldiarazteko neurriak bultzatzeko.

Foru Gobernuak lurraldeko lesbiana, gay, trans, bisexual,+ eta intersexualak ordezkatzen dituzten elkarte eta plataformekin duen lankidetzan sakontzen jarraitzearen aldeko apustua egin du, LGTBI+fobia egoeren gutxiespen eta azpi-salaketa egoerari aurre egiteko, zein estatu mailan egindako azken txostenen arabera % 80koa den.

“Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, giza eskubideekiko konpromisoa indartu nahi du pertsona guztientzat, sexu-identitatea, sexu-orientazioa edo genero-adierazpena gorabehera. Gure ustez, horrelako uneetan, aurrerapen asko daude zalantzan, bai feministak, bai LGTBI+ kolektiboetakoak, gure konpromisoari tinko eutsi behar diogu”, dio Patricia Abad INAI / NABIko zuzendari gerenteak, LGTBI+fobiaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina berraktibatu dela eta egindako adierazpenetan.

Abadek azpimarratu du garrantzitsua dela sentsibilizazio-lanari eustea eta legegintza-arloan eman diren aurrerapausoak aitortzea eta balioestea, “batez ere kolektiboek bultzatuta eta erakundeen etengabeko laguntzarekin”.

‘Aunque no la veas, la LGTBI+fobia está ahí. ¡Actúa!’ / ‘Ikusi ez arren, LGTBI+fobia hor dago. Ekin!’ lelopean, kolektiboari laguntzeko kanpaina instituzionalak pertsona guztien gaitasunari indarra eman nahi izan dio, sexu-orientazioagatik pertsonen aurkako gorroto-diskurtsoak iraultzen laguntzeko. 16.000 euroko inbertsioarekin, ekimen honen helburua LGTBI+fobiaren adierazpen normalizatuenak ikusaraztea da, egiturazko diskriminazioari eusten diotenak.

Irudi nagusia tamaina desberdineko letrak dituen kartel batena da, proba bisualetarako. Bertan, lehen begiratu batean ikusten ez diren LGTBI+ kolektiboaren aurkako mezuak irakur daitezke. Horrekin, pertsona horiek jasaten zituzten diskriminazio-egoerak direla azpimarratu nahi da.

Kanpaina ekainaren 5era arte zabalduko da markesinen, hiriko ikus-entzunezko euskarrien (mupis) eta Nafarroako Jauregian Instalatutako olanen bidez, baita sare sozialetan ere. Helburua gizartea aldaketarako eragile gisa inplikatzea da, begirada finduz eta LGTBI+fobiaren aurka inplikatuz. Mezu horren bidez, gainera, Administrazioak LGTBI+ eskubideak sustatzeko eta bermatzeko duen konpromisoa era lana adierazi nahi da, bai eta kolektibo horren aurkako edozein indarkeria-adierazpen irmo gaitzestea ere.

Horrela, Foru Gobernuak berretsi egiten du elkarteen eta herritarren eskutik lan egitearen aldeko apustua, gizartean, hezkuntzan, osasunean, lanean edo ekonomian diskurtso antifeminisen eta LGTBI+fobikoen presentziaren gaur egungo gorakada geldiarazteko.

743 arreta Kattalingunen
Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual, Intersexual eta gehiagoren Estatuko Federazioak (FELGTBI+), egindako azken txostenaren arabera, sexu- eta genero-orientazio eta -identitateagatiko gorroto-delituak dira bigarren salaketa-kausa, arrazakeria eta xenofobiagatiko gorroto-delituen ondoren. Gauza bera ondorioztatzen du Barne Ministerioak argitaratutako 2023ko gorroto-delituei buruzko azken txostenak.
Hala ere, FELGTBI++ek bildutako datuen arabera, jazarpen, diskriminazio edo erasoren bat jasan duten pertsonen % 80,7k ez zuen bere kasua Poliziaren aurrean salatu. Pertsona horien % 23,7k salaketa jarri zuen LGTBI+ elkarteen aurrean eta % 56,9k ez zuen inon ere salatu.

Txosten horrek berak aztertzen du zein den gutxiagotze-egoera, aurkezten diren baina kolektibo horren aurkako gorroto-delitu gisa ofizialki identifikatzen ez diren salaketekin lotuta dagoena. Horregatik, beharrezkoa da errealitate hori ikusarazten laguntzea eta hura desagerrarazteko neurriak bultzatzen jarraitzea.

Hain zuzen ere, gutxiespen- eta azpi-salaketa egoera hori arintzeko, Nafarroako Gobernuak INAI / NABIren bidez Nafarroako LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia sortzea sustatu nahi du. Behatoki hori LGTBI+fobiak Foru Komunitatean duen errealitatea ezagutzeko eta aztertzeko sortu da, eta gorroto- eta diskriminazio-gertakariei modu koordinatu eta eraginkorrean erantzun ahal izateko. Tresna horrek bat egingo du Foru Gobernuak LGTBI+ pertsonei laguntzeko bultzatzen dituen neurri eta baliabideekin.

INAI / NABIk emandako datuen arabera, Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ pertsonentzako arreta integraleko zerbitzuak, Kattalingunek, 2024. urtean guztira 743 arreta eman zizkien, zerbitzuaren programetan eta bulegoetan artatutako 297 pertsonari, baina guztiak ez daude lotuta LGTBI+fobia delituekin.

Gogoan izan behar da Kattalingune pertsonei arreta integrala emateko zerbitzua dela, eta Iruñeko, Tuterako, Irurtzungo, Tafallako eta Lizarrako egoitzetan informazioa, arreta sexologikoa eta psikologikoa zein juridikoa eskaintzen espezializatutako langileak dituela. Gainera, LGTBI+ fobiagatiko gorroto-delituen biktimentzako Gida bat dago, mota horretako egoerak identifikatzen eta salatu ahal izateko informazioa duena.

17M, 1990ean ezarritako aldarrikapen-data 
17Mak 1990ean Osasunaren Mundu Erakundearen gaixotasunen eskuliburutik homosexualitatea ezabatu zela oroitarazten digu, eta horrek homosexualitatea despatologizatzea ekarri zuen. 2022an urrats bera eman zen transexualitatearekin, ordura arte eskuliburu berean jasoa baitzegoen, buru-nahasteen atalaren barruan.

Aldi honetan zehar, aurrerapen nabarmenak atzeman dira LGTBI+ eskubideen arloan, bai Espainiako Estatuan eta bai Nafarroan. LGTBI+ pertsonei eskubideak aitortzen eta bermatzen dizkieten legeak onartu dira, gizarte-mailan aldaketak eragin dituztenak.

Estatu mailan azken bi hamarkadetako mugarrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 2005eko Kode Zibilaren aldaketa, LGTBI kolektiboko pertsonen arteko elkartze zibilak ahalbidetu zituena; 2007an irekitako aukera, dokumentuetan izena eta sexua aipatzeko erregistro-aldaketa bat egin ahal izateko; edo otsailaren 28ko 4/2023 Legea, transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako hala nola LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko. Nafarroan, lehen lege-aurrerapenak genero-identitateagatik ez baztertzeari hala nola hauen eskubideak aitortzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legearen eskutik iritsi ziren, eta ondoren LGTBI+ pertsonen gizarte-berdintasunerako ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legeak osatu zuen.

Adierazpen instituzionala, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta 
​​​​​​​

Nafarroako Gobernuak maiatzaren 17an, larunbata, ospatuko den LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta onartu duen adierazpen instituzionalaren testua honako hau da:

«Maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI+ pertsonentzat garrantzi handia duen mugarri historiko bat gogorarazten da. 1990an, homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zion Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori aurrerapauso nabarmena izan zen LGTBI+ pertsonen duintasuna eta eskubideak onartzeko bidean. Transexualitatea, berriz, 2022ra arte ez da despatologizatu. Izan ere, nahasmendu mentalen atalean jasota zegoen OMEren Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean (ICD-11), 2022an eskuliburu hori eguneratu zen arte.

Hala, gaurko egunean, Nafarroako Gobernuak erabat arbuiatu nahi du LGTBI+fobia dakarren edozein adierazpen, eta berresten du LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzeko, sustatzeko eta bermatzeko duen konpromisoa.

Azken hamarkadetan, aurrerapen handiak egin dira LGTBI+ eskubideen arloan: LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzen eta bermatzen dituzten zenbait lege onetsi dira, bai Nafarroan, bai estatuan, eta horrekin batera gizartean zenbait aldaketa izan dira. Hori guztia, erakundeek eta kolektiboek batera egindako lanari eta konpromisoari esker. Azken horiei aitortu eta eskertu behar zaie lan nekaezina egin dutela.

Hala ere, hainbat lorpen izan badira ere, egungo testuingurura erronka handia da.  Azken aldian, gorroto-delitu gehiago erregistratzen ari dira, eta bigarren kausa izatera iritsi dira, Barne Ministerioak gorroto-delituen bilakaerari buruz egindako azken txostenaren arabera.  Halaber, gero eta zabalduago eta normalizatuago daude diskurtso antifeministak eta LGTBI+fobikoak, erdietsitako aurrerapen eta eskubideak zalantzan jartzen dituztenak.

Nafarroako Gobernuarentzat, LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira, eta halakotzat babestu eta defendatu behar dira. Horregatik, Nafarroako Gobernuak, adierazpen honen bidez, diskriminazio- eta indarkeria-adierazpen oro gaitzesten du, eta berresten du konpromisoa duela LGTBI+ arloko politika publikoak egiteko, LGTBI+ eskubideak bermatu eta sustatzeko eta Nafarroa erkidego askotarikoagoa eta berdinzaleagoa bilakatzeko.»

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Bi atxilotu Lemoako Kultur Etxean lapurreta egiteagatik

Ertzaintzako agenteek 29 eta 25 urteko bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean Lemoan, bertako Kultur…

3 horas hace

Donostian atxilotu dute etxebizitza batean lapurreta egin nahian ari zenean

Ertzainek 21 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, astelehena, gauean, Donostian, indarra erabiliz lapurreta egitea…

9 horas hace

Imanol Pradales y Eider Mendoza ofician la inauguración de Mubil Center, centro referente en movilidad sostenible

En estos momentos el lehendakari, Imanol Pradales, y la diputada general de Gipuzkoa, Eider Mendoza,…

9 horas hace

‘Hondarribia itsas herria’ ondare jardunaldiak eta ‘Itsasoratu’ maiatzaren 15etik 18ra

Datorren astean, maiatzaren 15etik 18ra itsasoa protagonista izango da gure herrian. Itsas ondareari buruzko “Hondarribia…

12 horas hace

‘Pauso Berriak’ programa Marta Oronoz eta Peru Txintxurretarekin Hondarribian

Marta Oronoz Biurrarenak eta Peru Txintxurreta Ostolazak Pauso Berriak diploma eman diote Hondarribiko Udalari adimen-desgaitasuna…

12 horas hace

Bizkaia lankidetza deszentralizatuaren erreferente bihurtu da Lankidetzaren Legeak bi urte beteta

Bigarren urteurrena dugu Garapen Jasangarrirako eta Elkartasun Globalerako Lankidetzaren Legea onartu zenetik —arau horrek adostasun…

12 horas hace