Gobernu Kontseiluak 334.258 euroko partida onartu du gaur, Euskadiko Abokatuen Elkargoari dirulaguntza zuzena emateko, 2025 urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetan dauden presoei espetxe-laguntza zerbitzua finantza dezaten.
Partida hori Justizia eta Giza Eskubideen Sailak sustatu du, María Jesús San José sailburuak proposatuta, eta 2025erako finantzaketa emango du, Euskadiko espetxeetan dauden presoei legezko orientazio- eta laguntza-zerbitzua ematen jarraitzeko, 2024ko ekainaren 19an Euskadiko Abokatuen Elkargoarekin sinatutako hitzarmenaren baitan. 2027ra arteko indarraldia du hitzarmen horrek.
Zerbitzu aitzindaria
Euskadi da halako zerbitzua eskaintzen duen autonomia-erkidego bakarra, eta 1987tik egiten du hori, Basauriko Bizkaia espetxean lehen aldiz ezarri zenetik, garai hartako Lehendakaritza, Justizia eta Garapen Autonomikorako Sailak eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoak sinaturiko akordioaren bitartez. Bilakabide ona izan zuela ikusirik, Martuteneko eta Langraizko espetxeetara ere eraman zuten akordioa 1989an, Gipuzkoako eta Arabako Abokatuen Elkargoekin hitzarmena sinatuta.
2024an sinatu zen hitzarmenak lau urteko iraupena du eta lehen aldiz ezarri zuen EAEko Espetxe Administrazioaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako abokatuen elkargoen arteko lankidetzarako marko juridikoa. Ordura arte, zerbitzua 1987tik martxan bazegoen ere, ez zegoen lankidetza hori arautuko zuen lege-oinarririk.