- Euskadi 2030 Osasun Planaren baitako laguntzak 300.000 eurokoak dira. Planaren helburua da GIBaren eta beste STIen prebentzio konbinatua, diagnostiko eta tratamendu goiztiarra sustatzea eta GIBagatiko infekzioaren kronikotasuna maneiatzea, baita GIBa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ere
Alberto MartÃnez Osasuneko sailburuaren Aginduari baimena eman dio gaur Gobernu Kontseiluak. Agindu horren bidez, beste urte batez, gizarte-ekimeneko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak deitu dira, 2025ean Euskadin GIB/hiesa, C hepatitisa edo Sexu Transmisiozko Infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiten dituzten erakundeentzat; 300.000 eurokoak dira laguntzak.
Laguntza horien bidez, Osasun Sailak berriz sustatuko du erakunde horiek GIB/hiesaren, C hepatitisaren eta STIen arloan Euskadin egiten duten lana. Izan ere, lan hori funtsezkoa da, administrazio publikoen ekintzarekin batera, infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta birusa duten pertsonen egoera hobetzeko, maila sozioekonomikoan ahulenak diren kolektiboei lehentasuna emanda.
Hortaz, deialdi honetan honako hauek izango dira laguntzak jaso ahal izango dituztenak:
- Gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonei zuzendutako esku-hartzeko proiektuak, kolektibo horretan GIBak, C hepatitisak eta STIak duten garrantzi epidemiologikoa dela eta.
- GIBari, C hepatitisari eta STIei dagokienez zaurgarriak diren beste kolektiboei zuzendutako proiektuak, honako kolektibo hauei: etorkinak, bide parenteral bidez drogak kontsumitzen dituztenak, prostituzioan aritzen direnak eta, oro har, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak.
- C hepatitisaren, GIBaren eta sexu-transmisiozko infekzioen diagnostiko goiztiarrerako proiektuak.
- GIBarekin bizi diren pertsonei laguntza psikologikoa eta soziala emateko proiektuak.
Eskaerak aurkezteko hilabeteko epea izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Euskadi 2030 Osasun Planaren baitakoak dira laguntzok. Planaren helburua da, ekitatearen ikuspegitik, ohitura osasungarriak hartzea erraztuko duten sektore arteko estrategiak diseinatzea eta ezartzea, baita gaixotasunak prebenitzeko plan espezifikoak indartzea, hedatzea eta zabaltzea ere. Ildo horretan, 2022-2030 aldirako GIBaren infekzioa eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko plan estrategikoak GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuen (STI) prebentzio konbinatua, diagnostiko eta tratamendu goiztiarra, GIBagatiko infekzioaren kronikotasuna maneiatzea sustatzen du, baita GIBa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ere.